Hurrengoak Hezkuntza Legearen legintzaldia izan behar duela azpimarratu dute ikastolek

Bihar egingo diren hauteskundeen emaitzak gorabehera, datorren legegintzaldia Hezkuntza Legearen legegintzaldia izan behar duela adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, Ikastolen 2016-17 Ikasturtearen Hasierako Ekitaldian, Hernaniko Orona Fundazioaren egoitzan eginikoan.

“Kontuan hartzen badugu hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi nagusiek, denek, azaldu dutela Hezkuntza Legea egiteko asmoa, uste eta desio dut bozen emaitzak gorabehera, Hezkuntza Legearen legegintzaldia izango dela ondorengoa”, esan du Tellituk. Eta gaineratu du, legegintzaldi horretan Hezkuntza Legerik onartzen ez bada  “porrot itzela” izango litzatekeela “guzti guztiontzat”.

“Legea lortzeko guk baino presa gutxiago daukaten eragileak badira”, onartu du EHIko lehendakaria; “baina ezin dugu legegintzaldi hau galtzen utzi. Kronograma bat ezarri beharko litzateke legegintzaldi berria abiatu bezain laster”, azpimarratu du.

Lege hori egiteko orduan, hezkuntza eragileen parte hartzea eskatu du: “Ezinbestekoa izango da eragileon parte hartzea, eta adostasunak bilatzea ere bai. Eztabaidatzeko prest gaude, baldintzarik gabeko eztabaida bat nahi dugu, betorik gabekoa, zabala eta sakona”.

Nafarroa eta Iparraldea

Nafarroari dagokionez, pozik agertu da Tellitu gobernu berriarekin izan diren aurrerapauso batzuengatik, besteak beste, aurreko gobernuak ikastolen ikas materialei ezarritako debekua altxatu izana eta “eremu ez euskaldun” izendatutako horretan ikastoletako jangela eta garraioaren finantzaketan urratsak egin izana. D eredua eremu horretako ikastetxe publikoetara hedatzeko orduan, bestalde, eman beharreko pausoak hezkuntza komunitatearekin adostuak izateko eta era orekatuan emateko eskatu du Tellituk. “Lurralde horretan ikastolek ziurtatu dute D eredua ikastolak dauden herrietan eta ingurukoetan. Zoritxarrez, ez gara herri guztietara iritsi, eta hor lan handia dago egiteko; hortik hasi beharko litzateke. Alegia, batzeko eta gehitzeko bidea hartu beharko litzateke, ez zatitzeko”.

Iparraldeari dagokionez, nabarmendu du Seaskak izan duen hazkundean. 2009an, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea Europar Kooperatiba sortu zenean, Seaskako ikastoletan 2.200 haur zeudela gogorarazi du, eta orain, berriz, 3.500 direla esan du. Horrek azpiegituretan inbertsio handiak egitera behartu du Seaska, eta horri aurre egiteko euskal gizartearen elkartasuna eta erakundeen inplikazioa behar direla azpimarratu du Tellituk.

Amaitu den legegintzaldiari errepasoa

Ibilbidea amaitzear duen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren lana ere baloratu du Tellituk. Heziberri 2020tik lorpen gisa nabarmendu du eragile ia guztiekin adostutako Hezkuntza Markoa. Curriculum dekretuak, aldiz, deitoratu egin ditu, LOMCEri aurre egiteko aukera galdu delakoan. Azkenik, Heziberriren hirugarren fasea, Hezkuntza Legea abiatu behar zuena, ez garatu izana alde negatiboan jarri du.

Kontzertazioetan eta planifikazioetan Eusko Jaurlaritzarekin erdietsitako ulermena ere nabarmendu du Tellituk.

Eta errepasoa amaitzeko, teknologia berriak gelaratzeko orduan, Eusko Jaurlaritzak aurrekoaren hanka sartze bera errepikatu duela esan du, alegia lehentasuna dispositiboetan jarri izana, helburuen eta ikasketa prozesuen gaineko plangintza bat egin gabe, eta euskarazko kalitatezko eduki digitalak bultzatu gabe

Berrikuntza pedagogikoak

‘Berritzen, hobetzeko’ lelotzat hartu ospatu dute ikastolek ikasturte hasiera. Eta ikastolak murgilduta dauden berrikuntza pedagogikoak hizpide izan dira bertan. Besteak beste, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa DBH osora hedatu da aurtengo ikasturtean. Lehen Hezkuntzan, berriz, eredu hori bera esperimentatzen hasi dira LH 6n. HHrako Hezkuntza Marko berria ere garatzen ari dira ikastolak. Eta aurtengo ikasturtean eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa jarriko dute martxan 52 ikastolatan urtarriletik aurrera.

“Euskara, euskal curriculuma eta konpetentziak oinarri hartuta, hezkuntza paradigma berri batera egin dugu jauzi. Edukiak ikasi eta irakastetik, bizitzan zehar izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnez eta baliabidez hornitzera igaro dira ikasleak “, nabarmendu du Tellituk. “Eta horretan aitzindari izan gara, eta lehenak gara eredu hori, konpetentzietan oinarritutakoa, ikasteko eta irakasteko materialetara eramaten, eta bakarrak gara material hori guztia digitalizatzeko gai izan garenak”, gaineratu du.

Artezkaritza eta Zuzendaritza talde berrituak

Ekitaldian Artezkaritza Kontseilu eta Zuzendaritza Talde berrituak ere aurkeztu dira. Iragan ikasturtearen amaieran berritu ziren bi organoak, eta gaurko ekitaldia aprobetxatu dute bien aurkezpena egiteko.

Artezkaritzako lehendakari izaten jarraituko du Koldo Telliltuk, baina kide berriak ere izango ditu, besteak beste, lehendakariordea berritu da, Nekane Artolak hartu du orain arte kargu horretan egon den Arantza Manterolaren lekua.

Zuzendaritza Taldean, berriz, Jose Luis Sukia da zuzendari nagusi berria. Imanol Igeregik, erretreta hartuta, utzi duen lekuan dago Sukia. Taldean kide berriak ere sartu dira.

Tellituk karguak utzi dituzten kideen lana aitortu eta eskertu du ekitaldian, eta kide berrien sarrerak egungo lana hobetzea ekarriko duela esan du. “Jarraitzen dugunon esperientzia, batetik, eta etorri berri direnen bultzada, bestetik, talde orekatu eta bikainak osatu ditugu bai Artezkaritza Kontseiluan eta baita Zuzendaritza Taldean ere. Hemen ere, berritzen ari gara, hobetzeko”.

Agintari, herri ordezkari, politikari, sindikatuetako kide, gizarte eta kultura eragileetako ordezkariak gonbidatu ditugu ekitaldira, eta hitza hartu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte andereak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa jaunak, eta Hernaniko alkate eta Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspe jaunak.

Ikastola aldizkariak 25 urte

Ekitaldian ikastolen baliabide komunikatibo nagusiaren hogeita bosgarren urteurrena ere gogoratu da. Izan ere, Ikastola aldizkariak aurten bete ditu 25 urte. Sortzaileen, lanean ibilitakoen eta lanean dihardutenen lana eskertu da berariaz prestatutako bideo emankizunean.

Ekitaldia Crescendo abesbatzak eman dio amaiera. Nolako amaiera eman ere. Ikusgarria izan da Armentia ikastolaren inguruan sorturiko abesbatzak eskainitako ikuskizuna.

Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldia
Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldia
Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldia
Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldia