Milaka euskaltzale eta ikastolazalek egin diote tira Nafarroa Oinezi

Euskarari eta ikastolei tira egiteko Erentzun eta Ibaialde ikastolek egindako deiari milaka eta milaka herritarrek erantzun diote, gaur, Vianan. Askotariko ikuskizunez betetako egitaraua zeukaten prestatuta bi ikastoletako antolatzaileek, eta halakoxea izan da erantzuna: bikaina. 3,6 kilometroko ibilbidean jendetza ibili da, eta baita ikuskizunetarako prestatutako lau guneetan ere.

Arrakastatsua izan da, baita ere, Nafarroako ikastoletako ikasleek jokatu duten Erronka. Bigarren urtez jarraian, Baztango ikastolak irabazi du. Paz de Ziganda ikastolak egin du bigarren, eta Iñigo Aritza ikastolak hirugarren.

Lainotsu egon da egun osoa, eta haize pixka bat ere egin du. Eguraldi paregabea, beraz, paseoan ibiltzeko, eta ikuskizunetan parte hartzeko.

Oraindik egunean zehar bildutako dirua zenbatzea, eta atera beharreko kontu ekonomikoak egiteke dauden arren, antolatzaileek lortu den arrakasta azpimarratu dute, bai inguratu den jendetzarengatik, eta baita jai eguna normaltasunez igaro delako ere.

Bi ikastoletako ordezkariek, halaber, eskerrak eman dizkiete Viana joan diren pertsona guztiei, elkarrekin euskarari eta ikastolei bultzada emateagatik. Eta bereziki eskerrak eman dizkiete Vianara lanera eta Nafarroa Oinez arrakastatsua izan dadin laguntzera joan diren ehunka boluntarioei.

Goizeko hamarretan hasi da Nafarroa Oinez. Erentzun eta Ibaialde Ikastolek hartu dute aurten Nafarroa Oinez antolatzeko ardura, eta Erentzun Ikastolan bertan izan da inaugurazio ekitaldia. Erentzun eta Ibaialde Ikastolako zuzendariak, Maite Otero eta Iñigo Telleria, ikastola hauetako lehendakariak, Iban Azurza eta Artxo Ruiz,  Ikastolen Elkarteko Lehendakari Koldo Tellitu , Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari Mikel Asiain eta Nafarroako, Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz izan dira erakundeetako eta alderdietako ordezkarien ondoan.

Esker hitzak izan dituzte Ikastolako arduradunek Vianara hurbildu diren guztientzat.  Ikastola ereduaren berezitasunak goraipatu dituzte. Viana eta Lodosak euskararen alde egindako ibilbidea azpimarratu eta politikoei ausardia eskatu diete, ekimen zehatzen bitartez, bi ikastola hauen hezkuntza proiektua sendotzeko, bere inguruko euskarazko kalitatezko hezkuntzaren erreferenteak izaten jarraitzeko.

Erakundeetako ordezkari ugari

Foru Gobernuko ordezkari ugari azaldu dira, Uxue Barkos presidentea eta Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria buru zutela.  Ainhoa Aznárez, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria ere bertaratu da. Eusko Jaurlaritzako ordezkari ugari izan dira, baita ere, Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea buru zutela. Lodosako eta Vianako alkateak ere bertan ziren, eskualdeko udaletako alkateekin batera. Ordezkari hauek ere izan dira: Mikel Arregi, Euskarabideko zuzendari-gerentea; Aitor Etxarte, Nafarroako Eskola kontseiluko lehendakaria; Aritz Ayesa, Iruñeko Mankomunitateko lehendakaria; eta Javier Eneriz, Nafarroako Arartekoa.

Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Podemos-Ahal Dugu, EA, Aralar eta EAJko ordezkariak ere izan dira, eta baita Carlos Garaikoetxea lehendakari izandakoa ere.

Omenaldia, Txikiak Handi eta lekukoa aldatzea

12etan hasi da omenaldiaren ekitaldia. Nafarroa Oinez honetan Erentzun Ikastolak bere lehenengo promozioko ikasleak, 1994-1995 ikasturtekoak, omendu nahi izan ditu. Bere familiek ikastolako proiektuan konfiantza osoa jarri zuten, eta euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin zuten. Honela, haiek izan ziren ikastolako ikasbide osoa egin zuten aurrenak ondorengoei bidea eginez.

Ibaialde ikastolak aurten, Nafarroa Oinez urte honetan, ikastola utzi duen promozioa omendu nahi izan du, ikasturte berezi eta garrantzitsua bizi izan duen promozioa delako eta ikastolako etorkizunaren sinbolo bihurtu nahi duelako.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak 2016ko Nafarroa Oinez honetan Euskal Idazleen Elkartea omendu nahi izan du, euskara erabiliz euskal kulturaren transmisioan egindako ekarpenak errekonozitu dizkio, eta bide horretan jarrai dezan eskatu dio. Ikastoletako haur eta gazteen sormenaren sustapenean, adimenaren garapenean, eta kulturaren sakontzean izan duen garrantzia goraipatu da. Jasone Osorok, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria jaso du oroigarria.

Ekitaldi hau aprobetxatuz, “Txikiak handi” ekimenari eskaini zaio tartea Munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatu eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen ekimenaren garrantzia azpimarratu du proiektuaren koordinatzaile Unai Arellanok. Aurten Korsikako irakasle talde batekin izandako hartu-emana eta Mediterraneoko irla horretan haien hizkuntza bultzatzeko egiten ari diren lana aipatu du..

Bastiako (Korsika) René Subissi eskolako ordezkariek, Nadia Lucettik eta Dominigue Delportok, hartu dute hitza. Haien lanaren laburpen bat egin dute eta Arraroa Noski bideoklipean parte hartu ahal izateagatik eta Txikiak Handi manifestua sinatzeagatik harro sentitzen zirela adierazi dute.

Ekitaldiaren amaieran Nafarroa Oinez lekuko aldaketa burutu da. NIEko ordezkariek Lesakako Tantirumairu Ikastolako lehendakariari, Amaia Lasherasi, eta zuzendariari, Aitor Iratzokiri, pasa diete lekukoa.

Amaitu da Nafarroa Oinez 2016, eta hasi dira Lesakan heldu den urtekoa prestatzen. Mila esker guztioi, Vianara etorri eta euskarari eta ikastolei tira egiteagatik, eta heldu den urtean Lesakan ikusiko dugu elkar!