Aingeru Epaltzak jaso du NIEren 2016ko saria

Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE), irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko kooperatiba izaki, euskara eta euskal kultura, bereziki, eta kultura unibertsala, orokorrean, sustatzea, biak hezkuntza- eta gizarte- garapenari lotuz, eta jarduera artistikoak eta/edo kulturalak garatzea ditu bere helburuen artean. Horiek horrela, NIEn urtero, alor ezberdinetako lagunak edo erakundeak saritzen dira, bere izatearen garai ezberdinetan zehar ikastolen mugimenduari egindako ekarpenarengatik, arlo linguistikoan, zientifikoan, informatiboan edo/eta kulturalean. NIEk 2016ko saria Aingeru Epaltzari eman dio, euskal literaturari lotuta egin duen ibilbidea aitortu eta saritzeko helburuaz. Izan ere, ibilbide horri esker, haurrek, gazteek eta helduek idazle honen sorkuntzaz eta euskarazko historiaz gozatzeko aukera dute. Gainera, horiek guztiak era didaktikoan hurbiltzen dizkie gure ikasleei, bere sorkuntza-prozesuan zuzeneko sarbidea izateko posibilitatea emanez.