Pasaia Lezo Lizeoko ikasleak elkartasuna Ziburukoei

Pasaia-Lezo Lizeoak egina du jada bere ekarpen ekonomikoa, baina, egoeraren larritasuna ikusita, gure ikastolak pauso bat gehiago eman nahi izan du elkartasunaren bidean. Hala, Batxilergoko eta DBH-2. zikloko ikasleen Euskara Taldeak antolatuta, pintxoak eta edariak saldu ditugu bi egunez jolas garaietan, Ziburuko ikastolaren aldeko diru laguntza gisa.

Ikasleek beraiek nahiz haien senideek etxean propio egindako tortillak eta opilak izan dira guztiak, eta ekimena ezin arrakastatsuagoa izan da, denera 480 euro bildu baititugu. Horra, beraz, DBHko eta Batxilergoko gure ikasleen zein irakasleen ekarpena Ziburuko ikastolak bizirik eta zabalik jarrai dezan.

Lerro hauen bitartez, zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, ekintza hezigarria bezain txalogarria izan delako.