Korrika 19: Ikastolen kilometroa, Bilbon

Jakin badakigu, eta ikusi ere egin dugu, ikastolen komunitatea buru belarri ari dela parte hartzen Korrikan. Urepelen hasiera eman zitzaionetik dagoeneko ibilbidearen erdia egitera doa 19. Korrika, eta ibilbide horretan ikastolen presentzia nabarmentzekoa izan da, erditik aurrera izango den bezalaxe.

Aurtengo Korrikaren amaierako egunean, Bilbon, ikastolok zita garrantzitsua izango dugu. Garrantzitsua, lehenik eta behin AEKri egunotan guztiotan eman diogun babesa berresteko, horretarako prestatu diguten jaian parte hartuz; eta, bestetik, ikastola guztiok kilometro bat edukiko dugulako Bilbon bertan.

Hain zuzen ere, 2.499. kilometroa izango da ikastolena, Hurtado Amezaga-Aita Lojendio kaleen bidegurutzean. Lekukoa hartzea 12:23tan dago aurreikusia, hogei minutu edo ordu laurden lehenago egotea komeni den arren. Dena den, noski, onena korrika bertaratzea da.

Animo guztioi, eta Korrika amaiera zoriontsua denontzat!