Ikastola eredua - HEZKUNTZA ERALDATZEN

Espazio berritzaileak, teknologia berritzailea, ikasmaterial berritzaileak, eduki digital berritzaileak, ... guztia ikaslearen irteera profiletik eraikitako hezkuntza marko eraldatzailearen zerbitzura. Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, integrazioaren pedagogiaren bitartez eta euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin. 0-2 etapatik hasi, eta Batxilergoa eta Lanbide Heziketaraino, hezkuntza eredu propioa, eskaintza integrala, euskalduna, herritarra eta  eraldatzailea eskaintzen dizu ikastolak.

Horretan oinarritzen da ikastola eredua; oinarri horiekin ari da ikastola hezkuntza eraldatzen.

Euskalduna

Euskaratik mundura!

Ikastolan euskaraz bizi gara, eta euskaraz bizi nahi dugu Euskal Herrian. Euskaraz munduratzen gara, eta mundua euskaraz ekartzen dugu ikastolara. Euskal Herritik mundura goaz, euskaratik, euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin, gure hizkuntza proiektuarekin.

"Iturri zaharretik

edaten dut,

ur berria edaten,

beti berri den ura,

betiko iturri zaharretik."

(Joxean Artze)

 

Herritarra

Herritik sortuak, herriarentzat

Hezkuntza zerbitzu publiko gisa ulerturik, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetzea du ikastolak: kooperatiba da. Gurasoak dira kooperatibista, eta haiena da azken hitza, haiek erabakitzen dute. Gizarte partaidetza eta erantzukizuna ditu ardatz. Hezkuntza ulertzeko eredu propioa du, herriari eta herritarrei itsatsia, haien zerbitzura. Ikastolen Elkartean batzen da beste ikastola guztiekin batera, Europar Kooperatiban. Euskal Herrirako eredua da ikastola.

 

Eraldatzailea

Hezkuntza eraldatzen!

Euskal curriculumetik eta konpetentzietatik abiatuta, hezkuntza eraldatzen ari da ikastola bere eredu pedagogikoarekin. Espazioak berritzen, eduki digitalak sortzen eta txertatzen, hezkuntza paradigma berrian ere aitzindari da ikastola. Eta proiektu pedagogikoak ikertzen, garatzen eta berritzen ari da etengabe. Bikaintasuna ulertzeko modu bakarra dauka ikastolak: ikasle guzti guztien hobekuntza. Hezkuntza eraldatzen, gizartea eraldatzeko; gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzeko.

 

Hezkuntza eredu propioa

Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua

Ikaslearen irteera profiletik abiatuta, marko pedagogiko propioarekin, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritzen da ikastola eredua. Hizkuntzen trataera integral eta integratua garatzen du, euskaran ardazturiko planteamenduarekin. Arlo guztietan txertatzen ditu oinarrizko konpetentzia orokorrak eta konpetentzia digitala. Pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten jakin behar du ikasleak. Hezkuntza integrala dauka, ikasmaterial propioekin.

 

Ikastola eredua

Ikastola ereduaz ari garenean, zertaz ari gara?

Lau ezaugarri nagusi ditu ikastola batek:

  • Hezkuntza eredu propioa du
  • Herritarra da
  • Euskalduna
  • eta Eraldatzailea

Ezaugarri horietatik, irteten dira beste hainbat, bere baitan lau ezaugarri horiek dituztenak:

  • Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritzen da
  • Aitzindari da pedagogia alorrean
  • Prestakuntza eta aholkularitza sendoak jasotzen ditu
  • Herritik eta herriarentzat sortua da
  • Kooperatiba da
  • Auzolana eta elkartasuna ditu lan egiteko moldeak
  • Euskaran ardaztutako eleaniztasuna du xede
  • Euskal Herritik mundura zabaltzen da
  • Euskal Kultura du ardatz
  • Ikasle guztien hobekuntza gisa ulertzen du bikaintasuna
  • Ikerketan garapenean eta berrikuntzan dihardu
  • Ikasmaterialgintza propioa dauka, berri eta berritzailea

Eta ezaugarri gehiago ere baditu.

Ezaugarri horiek guztiek osatzen dute ikastola eredua

 

Etapaz etapa, urratsez urrats, eraldatzen

Izpiritu eraldatzaileari jarraituz, ikastolak etengabe ari dira berritzen euren eskaintza pedagogikoa. Ikastolek betidanik egin dute eredu pedagogiko berri eta berritzaileen aldeko hautua; baita orain ere. Ikusi besterik ez dago zer egiten ari diren, urratsez urrats, etapaz etapa.

Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarrituta, eredu pedagogiko berria jarri zuten martxan ikastolek 2012-13 ikasturtean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. 2016-17 ikasturtetik aurrera, berriz, etapa osora igaro da proiektu pedagogiko berri eta berritzailea.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ezarritako ereduari jarraituz, Lehen Hezkuntzan ere euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa abian jarri dute ikastolek. Era berean, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako trantsizio egokia bermatzeko, eta marko pedagogikoaren baitan, eraldatzen ari dira etapako lehen urratsak.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzan garatzen ari den curriculum proiektuarekin koherentzian eta etapa honek dituen berezitasunak kontuan hartuz, Haur Hezkuntzarako hezkuntza marko eraldatzailea abiatu dute ikastolek.

Horri guztiari erantsi behar zaio eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa ezarri dutela ikastoletan.

Berrikuntza pedagogikoak gelaratzeko, ezinbestean, lan handia egin dute eta egiten ari dira ikastoletan.

Irakasle eta hezitzaileak prestatzen.

Espazioak berritzen eta berrantolatzen.

Teknologia berrien erabilerarako azpiegiturak prestatzen eta dispositiboak eskuratzen.

Urrats bat harago joateko bideak irekitzen …

Eraldatzen, hobetzeko. Berrikuntza hobekuntzarako, ikasle guzti-guztien hobekuntzarako; horrela ulertzen dute-eta ikastolek bikaintasuna.