Ikastolen Elkartearen 2015eko Batzar Nagusia

Orioko Herri Ikastolaren egoitzan egin zen Euskal Herriko Ikastolak EKEren  2015eko Batzar Nagusia, iragan ekainaren 25ean. Deituta zeuden 105 ikastoletatik 76ren ordezkariak bertaratu ziren, eta bozkatzera eraman ziren proposamen guztiei oniritzia eman zieten, gehiengo oso handiz.

Ohi bezala, iazko eta aurtengo kudeaketa planak, kontuak eta aurrekontuak azaldu eta bozkatu ziren Ikastolen Elkartearen Batzar Nagusian. Era berean, urteko aldizkako kuota eta hasierako ekarpena zegoenean eustea onartu zuten ikastoletako ordezkariek.

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzordea berritzea ere bazegokion Batzar Nagusiari. Azken urtean Nafarroako hainbat ikastola EKEn sartu izanaren ondorioz, Artezkaritzan Nafarroako egungo ordezkari bakarraz gain beste bi kide nafarrentzako lekua egiteko Paz de Ziganda eta San Fermin ikastoletako ordezkarien izendapena onartu zuten ikastolek.

Ikastolen Elkartearentzat oinarrizko diren bi dokumentu gehiago ere onartzeko proposatu zuten Batzarrean. Dokumentu horiek aldez aurretik aztertzeko eta baloratzeko aukera izan zuten ikastolok. Baita ekarpenak egiteko ere.

Barne araudia da dokumentu horietako bat; zalantzarik gabe, ekimen garrantzitsua,  Ikastolen Elkartearen barne funtzionamendurako funtsezko arauak biltzen dituelako. Aipatu behar da, dena den, eta Batzar Nagusian halaxe azpimarratu zen, garatzen joango den prozesu bat dela hau, Ikastolen Elkartearen funtzionamendua arautzeko urrats gehiago egin behar direlako.

EHIren Geroaz izenburua eman dioten 2014-18 epe aldirako lan ildoen dokumentua zen Batzarrera eramandako bigarren agiria, epe horretarako aurreikusten duten testuinguru aldakor batean ikastolen lan ildoak markatu eta haiek aurrera ateratzeko bide orria izango dena.

Bi agiriak gehiengo zabalez onartu ziren.

Hauek izan ziren Batzar Nagusian bozkara eramandako gaien inguruan ikastolek emandako bozak