Txaber Altube, Eskolarteko bertsolari txapelduna

Iragan larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala eta Txaber Altube izan zen garailea, Txirritaren heriotzaren 80. urtemugaren inguruan Ereñozun (Hernani) egin zen jai handian. Bertso saio polita eskaini zuten finalistek.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Garaiko bina bertsolari gaztek, lurralde bakoitzeko txapeldun eta txapeldunordeek, hartu zuten parte finalean: Arabatik, Aroa Arrizubietak eta Peru Amorrortuk; Bizkaitik, Txaber Altubek eta Unai Mendiburuk; Gipuzkoatik, Beñat Mujikak eta Aizpea Garmendiak; Lapurditik, Kerman Diazek eta Nahia Sascok; Nafarroa Beheretik, Elixabet Etxandik eta Oier Urreiztik; eta Nafarroa Garaitik, Joanes Illarregik eta Xabat Illarregik.

Bertsolariek egin beharreko lana hauxe izan zen: hasierako agurreko bertsoa, binaka ofizioko gaian zortziko txikian, eta beste horrenbeste zortziko nagusian. Horren ostean puntuaketan gorenen geratutako seiren artean jokatu zuten txapela gaia emanda bakarka jardunez: Aizpea Garmendiak, Beñat Mujikak, Joanes Illarregik, Nahia Sascok, Txaber Altubek eta Xabat Illarregik. Azken agurreko bertsoa ere kantatu zuten bertsolari gazteek.

Bertsoa.eus atariak saioko bertso onenak bildu ditu bideoetan.

Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean. Gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta zaletzea da Eskolartekoaren helburua, eta, era berean, bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea.

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa