Urriaren 26ko lanuzte deialdia dela-eta

LOMCE. Madrildik datorren inposaketari EZ, eta honen kontra Madrildik datorren deialdiari ere EZ

Euskal hezkuntzaren alde, Hezkuntza Lege berria orain! Bidean elkar ikusiko dugu

Ikasturte hasiera honetan Hego Euskal Herriko hezkuntza zentroak Espainia mailako greba batera deituak izan dira. Grebara Sindicato de Estudiantes delakoak deitu zuen, eta, ondoren, CEAPAren babesa jaso du, eta, azken egun hauetan, baita zenbait euskal hezkuntza eragilerena ere.

Deialdi hau espainiar Estatuko hezkuntza logikan kokatzen da, zehazki indar posizio bat eskuratu nahian, zenbait hezkuntza eragileren eta alderdiren partetik, Madrilen negoziatzen ari den eskola paktuari dagokionean, arlo instituzionalean ezjakintasuna nagusia den momentu hauetan.

Paktu horrek, Madrildik etorri diren hezkuntza arloko gainontzeko lege organikoek bezala, ez dio ezer onik ekarriko gure herriari. Madrilek ezartzen digun markoa gainditu --dela LOMCE, dela bere aurreko LOE, edo datorrena--, eta Euskal herrian behar eta nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioa eraiki behar dugu.

Honelako deialdiekin, frogatzen da LOMCEk oraindik hezkuntza eragile, alderdi eta erakundeen agendak markatzen dituela. Ondorioz, ez dugu sakontzen hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eztabaidan, eta Estatuko logikari soilik erantzuten zaio.

LOMCEren aurka egon gara, gaude eta egongo gara. Zentralista, atzerakoi eta doktrinatzaile izateaz gainera, pedagogikoki ere, duela ehun urte geunden puntura garamatza. Gure eredu pedagogikotik kontrako muturrean dago.

Baina LOMCEren aurka egoteaz gain, Euskal Herrian behar eta nahi dugun Hezkuntza Sistema eraiki behar dugu: nahi dugun herria eta nahi dugun Hezkuntza Sistema eraiki, kudeatu eta hobetu.

Beraz, gaur egun gure hezkuntza sistemaren oinarrizko edukiaren eztabaidari heldu behar diogu, eta eztabaida soziala bultzatu. Eta eztabaida horretan erantzukizunez jokatu, erretratatuta geratuko baikara hartzen ditugun erabakietan, erakusten dugun jarreran, elkarlanerako eta adostasunerako dugun borondatean. Gai oso garrantzitsuak dira, eta, zorionez, gizartean ere eztabaidagai dira. Euskal jendartea Hezkuntzari begira jarria dago; arrazoi bat gehiago, sendoa gainera, guztiok dagokigun erantzukizunarekin, elkarlanarekin eta adostasunarekin jokatzeko.

Une erabakigarrian gaude urteetako inposizioei “ez” esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak gure herrian hartzeko; bertan erabakitzea beharrezkoa dela argi adierazteko. Etorkizuna gaurdanik eraikitzen da, askok eta askok atzo egindako lana oinarri hartuta. Guk argi dugu. Gure hezkuntza sistema propioa eraikitzera goaz.

Greba deialdiak ez dio Hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari ekarpenik egiten, eta Estatuko hezkuntzaren logikari erantzuten dio; horregatik ez dugu bat egiten.