Zergatik egin uko euskal hezkuntza sistema arautuko duen lege bati?

Zergatik egin uko euskal hezkuntza sistema arautuko duen lege bati?

Koldo Tellitu

Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Iragan asteko asteazkenean egunkari honek argitaratutako ELAren Irakaskuntza arduradun Xabier Irastorza Garmendia jaunaren iritzi artikuluan, (‘Hezkuntza Legea Lomceri aurre egin gabe, zertarako?’ BERRIA 2016-11-09), zenbait hezkuntza eragileren aurka eta, bereziki, Ikastolen Elkartearen aurka hainbat salaketa plazaratu ziren. Oinarririk gabekoak denak, eta ikastolen aurkakoei dagokienez, iraingarriak ere bai. Ez dakigu zer bilatzen duen ELA-Irakaskuntzako arduradunak ikastolen ahotan egin ez dituzten adierazpenak edota iradokizunak jarriz, baina ez dugu uste batere mesederik egiten dionik amaieran egiten duen elkarlanaren eta indarrak batzearen aldeko deiari.

Ikastolok ez diogu inoiz leporatu ELAri, ezta beste inori ere, espainiar estatuko hezkuntza paktuaren aldeko estrategiaren menpeko izatea edota Euskal Herrian garatu beharreko hezkuntza sistemaren kaltetan aritzea. Era berean, ez genuen boikoterako deirik egin urriaren 26rako deitu ziren mobilizazioen aurka ere.

Artikuluan Lomceri buruz egiten den analisiarekin bat egiten dugu, baina ez dugu onartzen artikulu horretan bertan Lomce eta Heziberri lotuz egiten den ekuazioa. Heziberrik baditu, gure ustez, balio handiko lorpenak. Eta lorpen handi bat da egitasmoaren lehenbiziko fasean hezkuntza eragileen gehiengo zabal baten oniritzia jaso zuen marko pedagogikoaren onarpena. Euskal Curriculumaren onarpena izan baitzen (gogoratu: ‘Euskal Curriculumaren marko pedagogikoa’ zuen hasierako titulua). Baieztatzen dugu Heziberriren lehenbiziko fasearen alde egotea  euskal curriculumaren alde egotea dela, eta ezinezkoa dela gure hezkuntza sistema eraiki nahi izatea oinarrizko elementu hori gabe.

Beste kontu bat da Heziberriren bigarren fasea, curriculum dekretuena. Guk geuk ere beharrezkoa ikusten dugu dekretu horiek aldatzea, baina ahaztu gabe hezkuntza legea beti egongo dela dekretu horien gainetik, hark definituko baitu gure hezkuntza sistema nolakoa izango den, eta dekretuak beti egin beharko baitira haren arabera. Horixe da, hain zuzen ere, Heziberriren hirugarren fasea, hezkuntza legea egitea, oraindik abiatu gabekoa, eta lehenbailehen heldu beharko geniokeena, nork bere erantzukizunetik, nork bere konpromisotik; hots, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta hezkuntza eragileotaraino, legearen egikaritzean parte hartu beharko genukeen guztiok.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa egonkor baten truke ikastolak Madrildik egituraturiko hezkuntza sistema neoliberal, segregatzaile, atzerakoi eta «nazionala» aplikatzeko prest gaudela esatea burugabekeria hutsa da, eta hori ondotxo dakite ikastoletan lan egiten duten ELAko afiliatuek. Boterea aurrez aurre eduki dugu jaio ginenetik, baina, hala ere, gure eredua eraman dugu aurrera. Ikastolok apustu argi bat egin dugu pedagogia alorrean, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako eredu baten alde, Lomceren planteamenduen beste muturrean dagoen ereduaren alde, eta eredu pedagogiko hori gauzatzeko sortu ditugun ikas materialak -nahiz eta, adibidez, Nafarroan doakotasun programatik at geratzea ekarri digun ondorio gisa- ez dira Lomcera egokitu. Beste argitaletxe guztiak, aldiz, bai, eta, hemen, Euskal Herrian, erabiltzen ari dira material horiek. Beraz, non ikusten du ELAk Lomce aplikatzen ari garela?

Hasieratik garbi ikusi genuen Lomceri kaleetan ere egin behar zitzaiola aurre, baina, bereziki, ikasgelan, eguneroko lanean, Lomceren antipodetan dagoen planteamendu pedagogiko baten bitartez eta euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako ikas-materialekin.

Ikastolak aspalditik ari gara euskal hezkuntza sistema arautuko duen lege bat aldarrikatzen, Lomce planteamendu soil bat izan baino askozaz lehenagotik; eta orduan eta gaur ardatz berak erabiliz aldarrikatzen dugu. Gurea ez da egoeraren araberako planteamendu bat, ez da Lomceri aurre egiteko planteamendu bat, horretarako ere balio duen arren.

ELAren analisia baldin bada euskal hezkuntza sistema arautzeko lege “alternatibo” bat ziurtatuko duen indar oreka bat lortu arte itxarotea, guk ez dugu bat egiten. Euskal Herriko hezkuntza eragileok sistema propio bat landu behar dugu, baina alderdiak, erakundeak eta euskal herritarrak ahaztu gabe; eta lege arau izatea lortu behar dugu, curriculum propio bat edukitzeko, denontzako murgiltze eredu bat edukitzeko, ebaluazio sistema propio bat edukitzeko… Zergatik uste du ELAk, inolako zalantzarik gabe, Eusko Legebiltzarrak etorkizunean onartuko duen hezkuntza lege batek Lomceren oinarrizko egitura eta kontrol mekanismoak barneratuko dituela? Zergatik ote, orduan, oposizioan dauden alderdiek ere beharrezkotzat jotzen dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bat egitea? Soilik ELAk ikusten du lege horren garapena hezkuntza sistema propio baten eraikuntzaren aurkakotzat.

Hezkuntza eragileok ados jar gintezke, 2013ko otsailean egin genuen bezala, hezkuntza sistema propio bat definitzeko orduan, eta zenbaitek, ikastolok adibidez, adostutako sistema horren elementu asko aurrera eramateko autonomia edukiko genuke lege indarrik gabe ere;  egin dugu, egiten ari gara. Baina sistemak bere osotasunean?

Eta, bai, noski, aurre egin behar zaie Lomceren bitartez etorritako ebaluazioei eta errebalidei, baita murrizketa politikei ere. Eta, bai, noski, mobilizatu egin beharko dugu, guztiok, dagokigun erantzukizunarekin, elkarlanarekin eta adostasunarekin jokatuz. Baina hori ezin daiteke bateraezina izan hezkuntza eragileok adosten duguna lege bihurtzearekin. Zergatik egin behar diogu uko euskal hezkuntza sistema arautuko duen lege bati?