Ikastolek Hezkuntza Legeari ekiteko akordioa eskatu dute Ibilaldian

Jai giro itzelean, baina aldarrikapenerako tartearekin, ari da igarotzen Ibilaldia 2017, Mungian. Milaka euskaltzale eta ikastolazale hurbildu dira goizean goizetik, eta ibilaldi paregabeaz eta kultur eskaintza zabala duten guneez disfrutatzen ari dira milaka lagun Larramendi ikastolak antolatutako ekitaldi honetan.

Ibilaldiaren antolatzaileek eta Ikastolen Elkarteak euskaratik eta euskaraz sorturiko kultur ekitaldi askotarikoaz gozatzera dei egin diete herritar guztiei, baina ikastolaren balioak eta Ikastola Eredua aldarrikatu dute, jai hau ikastolen jai handia dela gogoratuz.

“Gure ereduaren, IKASTOLA EREDUAREN, aldarrikapen eguna dugu jai hau”, azaldu du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, Ibilaldiaren hasiera ekitaldiko hitzaldian. Berak eta Ibilaldia elkarteko lehendakari Josune Bañalesek Ikastola Ereduaren ezaugarri nagusiak aipatu dituzte: euskalduna, herritarra, hezkuntza eredu propioa duena eta eraldatzailea.

Aldarrikapen nagusia, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bati ekiteko hezkuntza akordioa lortzeko eskaera izan da, Tellituk adierazi duenez, “Hezkuntza eredua bezala, hezkuntza sistema ere eraldatu nahi dugulako”.

“Egungo hezkuntza sistema zaharkitua dagoelako, ez dituelako helburuak bete (euskalduntzean, adibidez) eta ezin dielako erantzun gaur egun euskal jendartetik hezkuntzaren arloan planteatzen zaizkion erronkei. Herri aurreratu batek hezkuntza eredu aurreratua behar du. Alferrikakoa da pentsatzea Euskal Autonomia Erkidegoko egungo hezkuntza legearekin, non ikastolok, adibidez, lekurik ez dugun, erronka bakoitzari unean uneko erantzuna eman dakiokeenik. Lege zaharkitu bati adabakiak jartzeak ez du balio. Lege sendo bat behar dugu, Euskal Herriko hezkuntza sistemari XXI. mendeko beharrei erantzuten lagunduko diona”.

Horregatik ikastolek espero dute Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen ekitea lege berria izatera eramango gaituen akordioaren bilaketari. Era berean, espero dute alderdi politikoek “erronka handi honen aurrean euskal jendarteak eskatzen dien maila ematea”.

Hezkuntza eragileentzat ere izan du mezua, alderdien balizko akordio  bati itxaroten egon beharrean, eurek ere ekimena hartzeko: “Ikuspegi nazionala izango duen akordio bat lortu behar dugu eragileon artean, urteetarako balio behar duena, edukiz beterikoa. Guretzako maila honetako akordio batek legebiltzarrean lor daitekeenaren balio bera edo handiagoa edukiko luke. Hezkuntza sisteman eraldaketa sakonak egin diren herrietan, Finlandian adibidez, diseinua hezkuntza komunitateak garatu zuen, eta adostasun politikoa ondoren etorri zen. Espero dugu, beraz, agintariek eta alderdiek ere ulertzea hezkuntza komunitate osoarekin lorturiko akordio batek duen balioa” adierazi du.

Besteak beste,  publikotasunaren definizio berri bat eskatu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, “publikotasun partekatua”.

“Denoi dagokigu, eta denon erantzukizuna da”, azaldu du Telliltuk.” Bere horretan geratzea atzera egitea delako. Gu prest gaude. Agintari, hautetsi, ordezkari politiko, hezkuntza eragile, sindikatu … xede horretan ikastolok bidelagun izango gaituzue. Ezin dugu legegintzaldi hau alferrik galtzen utzi”, amaitu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Larramendi ikastolako lehendakari Irantzu Goitiak ikastolak Ibilaldiaren bitartez ikastolak aurrera eramango dituen proiektuak azaldu ditu. Bi dira nagusiki: lehena, Ikastolen Elkartearen bitartez, kolektiboa aurrera eramaten ari den hezkuntza eraldaketa aurrera eramatea; bigarrena, berriz, 2020 Plan Estrategikoa, ikastolako komunitate osoaren partaidetzaz onartutakoa, aurrera eramatea.

Eguerdiko ekitaldian, berriz, Larramendi ikastolak Bihotz Gaztea ikastolari pasa dio lekukoa. Izan ere, Santurtziko ikastolak antolatuko du heldu den urteko Ibilaldia. Dagoeneko hasi dute urtebeteko auzolan itzela.

Koldo Tellituren hiltzaldia

Bizkaiko ikastolen jai handiari hasiera ematera goaz minutu gutxi barru. Jai handia, euskal kulturaren eskaintza askotarikoaz euskaratik eta euskaraz gozatzeko. Egun osoko jaia baitugu, atzean urtebetez auzolanean egindako lan handiari esker. Bihoakie, beraz, eskerrik handienak eta animorik beroenak aurreko egun, aste eta hilabeteetan lanean aritu diren guztiei, eta gaur ere lanean diharduten guztiei.

Jai handia dugu, bai, baina baita aldarrikapen eguna ere. Gure ereduaren, IKASTOLA EREDUAREN, aldarrikapen eguna dugu jai hau. Gure kide eta adiskide Josunek lehentxeago azaldu du zer den IKASTOLA EREDUA eta zer egiten ari garen eredu hori garatzeko. Ez naiz asko luzatuko, beraz, baina azpimarratu nahiko nituzke Ikastola Ereduaren lau ezaugarri nagusiak:

Euskalduna da gure eredua. euskal kultura dugu oinarrian eta euskaran ardazturiko eleaniztasuna dugu xede.

Herritarra da gure eredua. Herritik sortu ginen eta herriarentzat dihardugu lanean. Izan duela berrogeita hamar urte jaiotakoak, Larramendi ikastola bezalaxe, izan sortzear direnak, Bokaleko ikastola, kasu.

Hezkuntza eredu propioa dugu, garatzen goazena eta berritzen, hobetzeko. Josunek azaldu bezala, euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritzen ari gara, etorkizuneko hezkuntza gaur egiten.

Eraldatzailea da gure eredua. Hezkuntza eraldatzen ari gara, gizartea eraldatu nahi dugulako, gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzeko.

Eta Ikastola Eredua aldarrikatzen dugun gisan, betidanik euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen ari gara, eta aldarrikatzen dugu ikastolen jaietan. Hezkuntza eredua bezala, hezkuntza sistema ere eraldatu nahi dugulako.

Egungo hezkuntza sistema zaharkitua dagoelako, ez dituelako helburuak bete (euskalduntzean, adibidez) eta ezin dielako erantzun gaur egun euskal jendartetik hezkuntzaren arloan planteatzen zaizkion erronkei. Herri aurreratu batek hezkuntza eredu aurreratua behar du. Alferrikakoa da pentsatzea Euskal Autonomia Erkidegoko egungo hezkuntza legearekin, non ikastolok, adibidez, lekurik ez dugun, erronka bakoitzari unean uneko erantzuna eman dakiokeenik. Lege zaharkitu bati adabakiak jartzeak ez du balio. Lege sendo bat behar dugu, Euskal Herriko hezkuntza sistemari XXI. mendeko beharrei erantzuten lagunduko diona, Euskal Hezkuntza sistema propiorako eredugarri izango dena,  ez baita  txikira jokatzeko garaia. Euskal Herri mailako proiektu bat behar dugu.

Horregatik espero dugu Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen ekitea lege berria izatera eramango gaituen akordioaren bilaketari. Era berean, espero dugu alderdi politikoek erronka handi honen aurrean euskal jendarteak eskatzen dien maila ematea.

Eta hezkuntza eragileok ere ezin dugu alderdien arteko balizko akordio baten esperoan geldi egon. Ikuspegi nazionala izango duen akordio bat lortu behar dugu eragileon artean, urteetarako balio behar duena, edukiz beterikoa. Guretzako maila honetako akordio batek legebiltzarrean lor daitekeenaren balio bera edo handiagoa edukiko luke. Hezkuntza sisteman eraldaketa sakonak egin diren herrietan, Finlandian adibidez, diseinua hezkuntza komunitateak garatu zuen, eta adostasun politikoa ondoren etorri zen. Espero dugu, beraz, agintariek eta alderdiek ere ulertzea hezkuntza komunitate osoarekin lorturiko akordio batek duen balioa.

Sistema propio baten aldeko apustua egin behar dugu, burujabea, eta, bereziki, Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemek gurean txertaturiko publiko/pribatu dikotomia zaharkitua amaituko duena. Eztabaida hori behingoz gainditu, eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren kontzeptutik abiatuta marraztu nahi dugu etorkizuneko hezkuntza sistema. Publikotasunaren definizio berri bat aldarrikatzen dugu, publiko partekatu bat. Publikotasuna administrazioaren titulartasunarekin lotzen duen sistema ez da baliagarria, ezta baliabideen kudeaketa zentralizatua duena ere; ikastetxeen autonomia beharrezkoa da ditugun hezkuntza erronkei aurre egiteko.

Ikastolak prest gaude neurri horretako erronka bati heltzeko, eta gure etxean gure proposamenak plazaratzen, eztabaidatzen eta garatzeko lanean ari gara jada.

Hezkuntza akordiorako eztabaida garatzeko moduak ere kezkatzen gaitu. Konbentzituta gaude, eraldaketa eraginkorra izan dadin, elkarlanean egin behar dela, eragileok ere aintzat hartuta. Batzuetan, proposamenak gobernutik eta alderdietatik iritsiko dira; beste batzuetan, berriz, eragileon aldetik. Eztabaida hau maila guztietan jokatzen da, joan eta etorriko bidea du.

Denoi dagokigu, eta denon erantzukizuna da. Bere horretan geratzea atzera egitea delako. Gu prest gaude. Agintari, hautetsi, ordezkari politiko, hezkuntza eragile, sindikatu … xede horretan ikastolok bidelagun izango gaituzue. Ezin dugu legegintzaldi hau alferrik galtzen utzi.

Mila esker guztioi

Ibilaldia 2017
Ibilaldia 2017
Ibilaldia 2017