Elkartasunez, aitzina!

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak Baionako Etxepare Lizeoko obren bisita egin du gaur arratsaldean, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Jeff Mateo Lizeoko lehendakariarekin batera.

Bisita aprobetxatuz, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak eraikina egiteko emandako laguntza helarazi die EHIko lehendakariak Etxepare Lizeoko ordezkariei. Ikastolen artean elkartasuna da lege. Familia bakoitzak urtero 15 euro ematen dizkio Elkartasun Kutxari eta guzien artean behar gehien duten ikastolak laguntzen dira Elkartasun Kutxaren bidez. Aurten, Elkartasun Kutxak Etxepare lizeo berriaren eraikuntza 100 000 eurorekin laguntzea erabaki du. Laguntza garrantzitsua proiektu inportanterako."Etxepare Lizeo berria bezalako proiektu sendo, handi eta ikusgarri hau ikastolen elkartasunaren bitartez aurrera ateratzea harrotzeko modukoa da. Harro gaude. Ikusgarri ari de geratzen eraikina, eta oso garrantzitsua da proiektu hau, erreferente bilakatuko delako Seaskako ikastoletan dabiltzan ikasle guztientzat. Gainera, Iparraldean lehen aldiz Lanbide Heziketa euskaraz egiteko auekra irekiko da irailean, eta hori ere ospatzekoa da", azaldu du Tellituk.

2017 urtean proiektu hauek lagundu ditu Elkartasun Kutxak: Baionako Bernat Etxepare Lizeoaz gain, Hiriburuo Ametza ikastola (Lapurdi) Tuterako Argia eta Lodosako Ibaialde (Nafarroa), Bilboko Harrobia  (Bizkaia) eta Bastida zein Argantzungo ikastolak (Araba).

Etxepare lizeo berriko lanak biziki aitzinatuak dira, eta udan bururatuko dira, irailean sartzea egin dadin. Irailaren 4ean 300 ikaslek beteko dute Etxepare lizeo orokor (S ES eta L sailak), teknologiko (MKZT) eta profesionala edo lanbide heziketa.

Lanbide heziketa izan dute aipagai hain zuzen ere arratsaldeko bisitan. Seaskak lanbide heziketarako aurkeztu hiru sailetatik bi onartu zituen Hezkunde ministerioko adarra den Errektoradutzak, hedabide saila baztertuz. Baina berriikitan jakinarazi dute bietarik bakarra, sozial arloari dagokiona kontutan hartuko dutela. Bigarrena, Komertzioari dagokiona, Seaskak bere gain hartu beharko du. Gaurko prentsaurrekoan Paxkal Indok Komertzio saila Seaskak beregain hartuko duela adierazi du, heldu den sartzean bi sailak idekiko direla segurtatuz.