“Santa Familia” aurkeztu dute, Xabiroiren hamargarren komiki albuma

“Familia da emanda datorren gauza bakarra. Ez lagunak, ez bizimodua, ez ingurua, familia baizik. Norak, ordea, arau horri ihes egingo dio. Sekretu bat gordetzen du. Bere sekretua. Baina hura kontatzeko ordua iritsi da, eta sakratua den instituzioa eztanda egiteko zorian dago. Jakina da, ordea, iraultza txikiak behar izaten direla gauzak bere onera ekartzeko”.

Horixe da gaur aurkeztu den Santa Familia komiki albumaren sinposia. Ikastolen Elkartearen baitan duela hamabi urte sorturiko Xabiroi komiki aldizkariak argitaratu duen hamargarren bilduma da Santa Familia. Eider Rodriguez idazleak eta Julen Ribas marrazkilariak elkarlanean egindako lana da, eta Xabiroi aldizkariaren azken zenbakietan atalka argitaratutako seriearen bilduma da gaur aurkeztu dutena.

Donostiako Komikigunean egin da aurkezpena, eta bertan izan dira bi egileak, Xabiroi komiki aldizkariaren zuzendari Dani Fano eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu.

Familia instituzio modu bat da, estatu bat dela ere esan daiteke, Eider Rodriguezen arabera. Harrobi bat bezala ikusten du, eta gogoa zuen, instituzio hori arakatzeko, pikotxarekin jotzeko, ikusteko zer atera zitekeen handik.  “Familia ez da bakarrik familia, estatu bat ere bada,estatu txiki bat, bere arauekin, bere erlijioarekin, bere gatazka eta su-etenekin… Bere konstituzioa ere badauka, bere historia eta etorkizun proiektua… Nolabait familiak sistema bat dauka ez bakarrik bizitzeko baizik eta bizi irauteko ere”, esan du. Horrek joko handia eman die egileei zuen gauzak desegiteko, gauza dibertigarri bat egiteko, era berean sakondu nahi izateko, desdramatizatzeko.

Hiru senidez osaturiko familia da: Sorkunde ama eta Teodoro aita, eta Nora alaba. Maskota bat ere badago, txakur bat-edo, sartu-irtenean dabilena. Euskal Herrian dago kokatuta.

Sorkunde bertan jaiotakoa da, lanbidez dietista da eta aisialdian katixima ematen die haurrei. Teodoro Gineakoa da jatorriz, gazte gaztetan Euskal Herrira etorria, elektrizista lanbidez, baina ingeniari izatea amesten du. Nora da alaba bakarra, nerabea da , igeri egiten du eta dago bizitzarekin zer egin zer ez egin erabaki behar den garai horretan harrapatuta.

Historia  honek bi ardatz ditu, Rordriguezek azaldu duenez:  adoleszentzia, batetik, eta gurasotasuna bestetik. “Norbaitentzat beldurgarriak baldin badira adoleszenteak gurasoentzat da. Eta gurasoak eta nerabeak gurutzatzen diren puntu hori terrorea da. Hor sartzen dira jokoan Sorkunde eta Teodoro, agintea eta lema, eta Nora beraien proiekzio amets eta erokeria ere badena”.

Santa familia honek sekretu bat gordetzen du eta Norak gorde izan du orain arte, baina nazka-nazka eginda halako batean aita eta amari kontatzea erabaki du. “Orduan dena lehertzen da, eta ordura arte itxuraz egonkor eta banaezin zen familia hori hankaz goratu egingo da eta ipurdi bistan geratuko da. Familiak bere burua berrasmatu beharko du. Hirutasun saindua apurtu egingo da eta beste norbait izan beharko du, askotan hiruki horren mugatik atera ezinda, baina berri bat sortu”, azaldu du Rodriguezek.

“Ez pentsa larritasunez idatzitako istorioa dela”, ohartarazi du, dena den; “ez dauka dramarik, eta ustez umorez egin diogu aurre familia den harrobi horretan pikotxa sartu eta arakatzeari”.

Lan hau aurrera ateratzeko Julen Ribasekin izaniko elkarlana ere azpimarratu nahi izan du Rodriguezek:  “ Normalean bakarrik eta bakardadean lan egiten dugu idazleok, eta alde horretatik oso esperientzia aberasgarria izan da bi lagun alai eta argitsu hauekin [Ribas eta Dani Fano] lan egitea”.

“Julen munstroa bat da”, zehaztu du “zentzu onean bakarrik”. “Etengabe erantsi dizkio gidoiari oso inportanteak ziren detaileak, eta areago, hurrengo gidoia idazteko ezinbesteko detaileak erantsi dizkio. Osatu ez ezik zuzendu, findu eta jantzi egin du gidoia bera. Letretan ere eragina izan du”, azaldu du.

Hamargarren albuma

Ikastolen Elkarteko lehendakariak bildumaren zenbaki borobila ekarri du gogora, hamargarrena baita honakoa, eta Ikastolen Elkartearentzat ohorea dela esan du horrelako proiektu bat aurrera eramatea. “ohore handia da ikastolentzat, Ikastolen Elkartearentzat, duela hamabi urte, Daniren ideia zoroari baietza eman, eta Xabiroi egitasmoa bultzatu izana. Harro gaude emaitzarekin, eta oso harro ekimen honen bitartez lortu dugunarekin: goi mailako komikigintza euskararen munduari eskaintzea”, adierazi du, eta gaineratu du horrelako egileekin erraza dela proiektu hau aurrera eramatea. “Animo, beraz, eta segi lanean, ondoan edukiko gaituzue eta”, esan du.

Dani Fanok ere ametsari eutsi dio: “Bai, hamabi urteko ametsa da, 10 albumeko ametsa eta 45 zenbakiko ametsa izan da orain arte Xabiroi. Egia bihurtutako ametsa, eta gero eta zabalagoa dena. Horren adibidea da hau, Santa Familia. Album honekin ilusio berezi bat daukat. Orain arte ez dugu horrelakorik egin. Hau da berezietan bereziena. Oso ikuspegi intimo batetik eginikoa, Eiderren gaiztotasun eta gaiztakeriaz idatzitakoa, eta era berean oso zabala eta edonor bere burua identifikatzeko moduko gauzak aurkituko dituena”, azaldu du. “Bi egile hauekin oso ongi pasatu dut editore lanak egiten. Beren elkartasunak, eztabaidak… egiazko elkarlan bat burutu dute eta hori nabaritzen da. Uste dut orain arte egin den elkarlanik elkarlanena dela, eta nik nabaritzen dut orriotan. Espero dut zuek ere hori nabaritzea eta dibertitzea, ni edizio lanean dibertitu naizen bezala”, amaitu du.