Ekintzailetasuna lantzen, Andra Mari ikastolan

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako DBH 1eko ikasleek europar mailako proiektu esperimental batean parte hartu dute. Joan den ikasturtean ere ikastola hontako DBH 1eko ikasleek lehen ezarpen esperimentalean parte hartu zuten eta Sakanako herriak aztertu, eta hobetzeko proposamenak landu zituzten lan talde kooperatibotan, ondoren, proposamenaren maketa egin eta aurkeztu zuten.

Aurten jarri zaien erronka, aldiz, bestelakoa da: ikastolako jolasgela berria eraikitzeko proposamenak egin behar izan dituzte ikastolak jarritako aurrekontua errespetatuz. Ikasleak aurten ere talde kooperatibotan banatuta egon dira eta proposatutako jolasgela berriaren azterketa egin ondoren prototipo digital eta fisikoa aurkeztu dute DBHko gainontzeko ikasle, irakasle eta guraso batzuen aurrean.

Hurrengo pausoak hamar prototipoen artean bozketa egitea izango da eta, azkenik, irabazlea suertatu den proposamen horri jarraituz, jolasgela berria eraikiko da.

Ikasleen artean ekintzailetasuna bultzatzeko YESict europar programaren baitan egin dute aurreko guztia. Ikastolen Elkartea eta Mondragon Unibertsitate Goi Eskola Politeknikoa arduratu dira programaz. Programan erakunde hauek ere hartzen dute parte:

Antic (Lapurdi)

Fh Joanneum Uni (Austria)

Synthesis (Zipre),

 Nikosiako Unibertsitatea (Zipre)

Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka)