Abiatu dira Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak

“Hezkuntza loraldatzen. Etorkizuneko irakasleari begira” lelopean hasi dira Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak, Hernaniko Orona Ideo aretoan. Irakasleari begira, eta hain zuzen ere irakaskuntza hobetzeko praktika gogoetatsu sistematikoan jarri dute fokua lehen egun honetan. Bi eguneko jardunaldiak dira. Hurrengo saioa gaur zortzi izango da, martxoaren 9an, eta leku berean.

Angels Domingo pedagogia doktoreak eman duen hitzaldi-tailerrarekin abiatu dira jardunaldiak. Bartzelonako Escalae institutuko kide eta irakasleen prestakuntzarako ‘Práctica Reflexiva’ plataformaren sortzaileetako bat da Domingo. Bere alboan izan du Federico Malpica pedagogia doktore eta Escalae institutuko zuzendaria.

Irakasleek eguneroko praktikaren gainean gogoeta egin eta gogoeta horren ondorioz ekintzak aukeratu eta praktikan jartzea proposatzen du Domingok, praktikaren gaineko gogoeta sistematikoa, irakaskuntzaren hobekuntzara zuzendua. Ordu eta erdiz egiteko horren ezaugarriak eta praktikara eramateko moduak azaldu ditu Domingok, eta, ondoren, tailer bat egin da jardunaldietara etorritako irakasle, pedagogo eta hezkuntza adituekin.

25. jardunaldiak

Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak dira aurtengoak eta ibilbide luze hori erakutsi nahi izan da jardunaldien hasiera ekitaldian. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk berak esan duen moduan, pedagogiaz hitz egin, pedagogiaz hausnartu, eta apustu pedagogiko berriei ekiteko foroa izan dira eta dira jardunaldiok. Baita ikastolen lana balioan jartzeko eta ikastolen lanaren erakusleiho izateko ere.

“Jardunaldiotan oinarri sendo batzuk jarri ditugu, gero ikastolara eraman ditugun proiektu berriak ezartzeko”, nabarmendu du Tellituk. “Gutxi batzuk aipatzearren, ikastolok aurrera eramaten ari garen hezkuntza eraldaketaren isla diren zenbait aipatuko ditut: Konpetentzietan oinarritutako pedagogiaren gainean egindako jardunaldiak, haur eta lehen hezkuntzari buruzkoak, KIVAri buruzkoa, iazkoak beraiek … Horiek ondoren ikastoletara eraman ditugun proiektuen ernamuinak izan dira: euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako pedagogia, haur hezkuntzako markoa, KIVA programaren ezarpena, Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra …”, azaldu du.

Hezkuntza legea

EAErako Hezkuntza Lege baten premia ere azpimarratu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta horren aurreko faseaz, hezkuntza akordio baterako ibilbideaz mintzatu da, orain arte jorratu den bideaz, eta argitara eman den dokumentuaz. Azaldu du ikastolek egin dizkiotela ekarpenak testuari.

Orokorki ikastolak bat datozela esan du proposatu den bide pedagogikoarekin (eraldaketaren beharra aipatzen delako, konpetentzietan oinarritutako ikas-irakas prozesua, ikasleen irteera profilaren garrantzia, ebaluazioaren papera eta oinarrizko printzipioak, ….).  Hala ere, bi oinarrizko gai ez direla jorratu deitoratu du.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren osaketa eta ezaugarriak dira lehenbizikoa. “Badakigu Hezkuntza Sailak nahita alboratu duela gai hau orain jorratzea, baina guk ezinbestekoa ikusten dugu mahai gainean jartzea. Izan ere, dokumentu osoan egiten diren proposamen gehienak administrazioaren titularitatepeko ikastetxeei begira daude eginak, eta ez du aurreikusten, ezta gauzatzen ere, zeintzuk izango diren beste ikastetxeen egitura eta ezaugarriak”, azaldu du. “Horregatik, kezka bat sortu zaigu, lehenbailehen argitzea komeni dena: Berriro ere, 1993n bezala, sare publikoari begira egiten den akordio bat lantzen ari gara, ala Hezkuntza Sistema osoarena?”

Era berean, azaldu du dokumentuan zehar oso kasu gutxitan azaltzen dela zeintzuk izan beharko liratekeen Administrazioaren papera eta proposatzen diren norabideak gauzatzeko Administrazioaren betebeharrak. “Badakigu aurkeztutako dokumentua ez dela zehaztapen guztiak azaltzeko egina, baina bai bakoitzaren konpromisoak azaltzeko, eta kasu honetan ez dira ikusten Administrazioaren konpromisoak eta betebeharrak”, esan du.

Beste kezka bat ere badutela, gaineratu du. “Jakinaren gainean gara, Eskola Kontseilua dagoeneko hasia dela gai honetan lanean; bigarren fasea abiarazi dute, beraz. Ikastolok ez gara Eskola Kontseiluko kide, ezta beste eragile batzuk ere. Horregatik, dei egiten dugu foro horretan ere hezkuntza eragileok parte hartzeko aukera bideratzera”.

Kezkak badirauen arren,  ikastolak bide horretan aurrera egiteko konprometituta daudela azpimarratu du: “Hogeita bost urteotan izan dugun aukera handiena, bakarra esango nuke, dugu eskuartean Hezkuntza Sistema osoarentzako lege bat egiteko, eta horretan gogor jardungo dugu ikastolok”.

Hezkuntza Sailaren ordezkaririk gabe

Hezkuntza alorreko eragileak, sindikatuetako ordezkariak, euskalgintzakoak, alderdi politikoetakoak ere izan dira gonbidatu gisa jardunaldiotan. Baina Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak egiten direnetik, lehen aldiz ez da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkaririk izan. Koldo Tellituk deitoratu egin du, duela egun batzuk Hezkuntza Sailetik ordezkaritza baten presentzia ziurtatu, eta azken orduan planto egin izana. “Nabaria da hutsunea, eta, aitortzen dut, penaz hartu dugula ez etorri izana, bereziki testuinguru honetan gaudenean, eta gure jardunaldiek mende laurden bat bete dutela ere ospatzen ari garenean”, azaldu du.