Aste honetan hasten da Gipuzkoako Bertso Idatzien Eskolartekoa

Martxoaren 7an hasita, zazpi saio izango dira Gipuzkoako beste hainbat eskualdetan aurtengo Bertso Idatzien Eskolartekoan. Parte-hartzaile kopuruetan beste urte batzuetako kopuruaren inguruko aurreikuspena dugu; 950 ikasle daude izena emanda. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasita, Batxilergora arteko tartean 4 mailatan banatuta hartuko dute parte bertso idazle gazteek.

Parte-hartze handieneko saioak Zumarragako Zelai-Aristikoa eta Orioko Kiroldegian jokatuko direnak izango dira, 200 lagunetik gorakoak biak ere.

Saio bakoitzean ordu bete izango dute parte-hartzaileek bertsoak eta koplak idazteko, eta horren ostean beste ordu beteko saio didaktikoa izango da ikasleen gozamenerako; bertsolari gazteak izango ditugu saiotxoa egiteko. Saio didaktikoan, gainera, horretarako prestatuta datozen ikasleek aukera izango dute euren ekitalditxoa egiteko.

Saio didaktikoa garatzen den bitartean epaimahaiak lanak aztertuko ditu eta mailaz mailako saridunak izendatu, gero, 11:30ean izango den sari banaketan sarituko direnak.

Saioak goizez izango dira, 9:30ean hasita, eta 12:00ak aldera amaituko dira.

Saioen egutegia:

  1. Buruntzaldea-Donostialdea (Hernaniko Biteri kultur etxean, martxoak 7)
  2. Goierri (Zumarragako Zelai Aristi aretoan, martxoak 9)
  3. Debagoiena (Arrasateko Amaia antzokian, martxoak 13)
  4. Urola (Azpeitiko Baigera aretoan, martxoak 14)
  5. Debabarrena (Elgoibarko ikastolan, martxoak 15)
  6. Urola kosta (Orioko kiroldegian, martxoak 16)
  7. Tolosaldea (Laskorain ikastolan, martxoak 19)

BBK sariketa
Bizkaian gazteentzat egiten den taldekako BBK sariketa ere hasita dago lehen kanporaketetan. Eskualdeka osatzen dira taldeak sariketa honetan, adinari dagokionez maila bitan (18 urte artekoa maila bat eta 19-25 bitartekoa beste bat) eta sei bertsolari aurkezten ditu talde bakoitzak, 3 maila bakoitzean.

Bizkai osoa hartzen du sariketa honen eskualde banaketak: Lea-Artibai, Busturialdea, Arratia, Uribe-Butroe, Hego-Uribe, Uribe Kosta, Durangaldea eta Enkarterri-Ezkerraldea.

Lau kanporaketa saio, finalaurreko bi eta finala da sariketaren egitura saioei dagokionean. Talde bi sailkatuko dira martxoaren 22an, Bilbon, BBK salan jokatuko den finalerako.