Inklusibitatea aztergai, ikastolen jardunaldi berezietan

Ikastolak inklusibitateari begira jarriko dira asteazken eta ostegun honetan, Hernaniko Orona Ideon egingo diren jardunaldietan. Bi saiotan banatu dira jardunaldiak.

Lehenbiziko egunean, Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren (DUA) printzipioetan oinarrituta inklusibitateari begira diseinatu den EKI unitate didaktikoaren prototipoa ezagutarazi eta partekatuko da. Ikastolaren Elkartetik adimen aniztasunari erantzuteko material didaktikoan egin den lanaren emaitza da prototipo hori, aurrera begira landu nahi den ildoaren hasiera, hain zuzen ere.

Bigarren egunean, berriz,  Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren (DUA) oinarrien azalpena eta hezkuntzari egiten dion ekarpena landuko dira, gaian aditua den Carmen Alba Pastor Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasle eta Unibertsitate horretako Inklusio, Diseinu Unibertsal, Kooperazio eta Teknologia ikerketa taldeko zuzendariaren eskutik.

Bi egunek ordutegi bera izango dute: 9:30etatik 13:30ak arte. Era berean, bi ataletan banatu da egun bakoitza: lehenbiziko atalean gaiak aurkeztuko dira entzule guztientzat, eta bigarrengoan, lan talde txikietan, gaiari buruz hausnartuko da eta ekarpenak egingo dira. Amaitzeko, bi saioetan, talde handian kontrastea eta balorazioa egingo dira.

Orientatzaileei, arduradun pedagogikoei eta irakasleei zuzenduriko jardunaldiak dira.