Hezkuntza lege berriak murgiltze eredua ezarri behar duela aldarrikatu dute ikastolek

Ikastolak oso kezkatuta daude ikasleen euskara ezagutza mailak behera egin duelako, egin diren azken ebaluazio probetan izan diren emaitzak kontuan hartuta. Horregatik, egungo hizkuntza ereduak albo batera utzi, eta benetako murgiltze eredu baten alde egin dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hurrengo Hezkuntza Legeari begira.

Halaxe adierazi dute, Santurtzin, Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldiaren hasiera ekitaldian. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk egin du “larrialdi deia”. “Inoiz baino ozenago esango dugu: hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen. Ezin dugu bertan goxo egoten jarraitu D ereduan gero eta haur gehiago matrikulatzen direlako. Ebaluazioek frogatzen dute, matrikulazio datu hori gora behera, gure ikasleen ezagutza maila ez dela hobetzen ari. Gure ikasleen euskara ezagutza, ezagutzaren kalitatea, hobetzea behar dugu. Bestela, gure ikasleek euskaraz hitz egiteari uzteko arriskua izango dugu”, azaldu du.

Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Hezkuntza Akordiorako  proposamenaren gainean ikastolek gogoeta prozesu bat hasi dutela iragartzerakoan egin du ohartarazpen hori. Hain zuzen ere, gogoeta prozesu horren puntuetako bat da hizkuntzarena. Horrekin batera, azaldu du bi gabezia nagusi dituela proposamenak: erdietsi nahi den sistemaren publikotasun ereduari dagokion eztabaida, eta horri lotuta sistemaren finantzaketari dagokiona.

Halaber, mahai gainean dagoen Eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegilearen gainean ere hitz egin du Tellituk. Adierazi du ikastolok argi dutela atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat dela, hezkuntza eragile guztiek konpromisoa izan behar dutela, eta ikastolek eurei dagokien mailaren araberako konpromisoa betetzeko prest egoteaz gainera, bete egin nahi dutela.

“Ezin ditugu begiak itxi egungo errealitatearen aurrean: hezkuntza sareen artean desberdintasun handiak daude matrikulatuta dauden atzerriko jatorria duten ikasle kopuruetan. Are gehiago, sareen barnean askoz ere desberdintasun handiagoak daude, eta berdin hizkuntza ereduetan ere”, esan du. Egungo desoreka handiari buelta emateko ikastolek beren proposamena mahai gainean ipiniko dutela ere esan du, ikastola guztiekin eztabaidatu eta gero.

Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek, berriz, ikastoletan ematen ari den hezkuntza eraldaketa izan du hizpide bere hitzaldian. Etapa guztietan martxan jarri den edo jartzen ari den eredu pedagogiko berriaz mintzatu da; euskaran, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako EKI proiektua, Haur Hezkuntzako marko pedagogiko berria edota Batxilergoan eta Lanbide Heziketan egiten ari diren lana aipatu ditu. Baita eskola jazarpenaren aurkako KiVa programa eta aste honetan bertan ikasle eta adimen aniztasunari erantzuteko ikastolek aurkeztu duten unitate pedagogikoaren prototipoa ere.

Giro paregabea Santurtzin

Egunari dagokionean, berriz, primerako giroa dago Santurtziko kaleetan. Milaka eta milaka herritar hurbildu dira Bizkaiko ikastolen jaira. Ibilaldiko eta Bihotz Gaztea ikastolako ordezkariek eskatu bezala, gainera, garraio publikoa hautatu dute kanpotik Santurtzira hurbildu diren ikastolazale gehienek, eta horrek asko lagundu du herrian hainbeste jenderen pilaketaren ondorioz trafiko arazorik ez sortzea. Gainera, garraio publiko zerbitzua oso ondo ari da lanean, batere eragozpenik gabe.

9:30etan eman zaio hasiera aurtengo Ibilaldiari, Bihotz Gaztea ikastolaren egoitzan egin den ekitaldian. Eta ordutik aurrera, martxan dira lau jai guneetako programazio askotarikoa eta gazteei zuzendutako Erronka saioa.

11:30ean, Dorretxean, omenaldia egin zaie derrigorrezko ibilbide akademikoa ikastolan burutu zuen lehen belaunaldiko gurasoei. Ondoren, Bihotz Gaztea ikastolak, Lekeitioko Azkue ikastolari lekukoa pasatu dio, bertan ospatuko baita heldu den urteko Ibilaldia.      

Eguraldi aparta lagun, gune guztiak jendez gainezka daude, eta bertaratutako guztiak itzelezko giroaz gozatzen ari dira. Gaur, Santurtzin, euskarak kaleak bete ditu.  

 

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren hitzaldia

Nire aurretik mintzatu diren ikastoletako ordezkariek aipatu dituzte ikastolen bi erronka nagusi: batetik, gure herrietako kaleetan euskararen eta euskal kulturaren presentzia areagotzeko erronka, eta, bestetik, alor pedagogikoan egin dugun apustu integrala.

Nire kideokin bat egiteaz gainera, hezkuntza eragileok eta erakundeetako ordezkariek dugun erronka handiez mintzatuko natzaizue gaurkoan. Zehazki, ikastolok abiatu dugun eztabaida prozesu mamitsu batez ariko natzaizue. Eztabaida horren emaitzak publiko egingo ditugu geroago, eta gizartean partekatuko ditugu.

Bi ekimenen inguruan hasi dugu eztabaida hori. Batetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bat ekarri beharko ligukeen Hezkuntza Akordiorako Proposamenaren gainean ari gara. Bestetik, berriz, mahai gainean dagoen Eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegilearen gainean.

Ikastolok argi dugu: atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat da, hezkuntza eragile guztiok konpromisoa izan behar dugu, eta ikastolok guri dagokigun mailaren araberako konpromisoa betetzeko prest egoteaz gainera, bete egin nahi dugu.

Ezin ditugu begiak itxi egungo errealitatearen aurrean: hezkuntza sareen artean desberdintasun handiak daude matrikulatuta dauden atzerriko jatorria duten ikasle kopuruetan. Are gehiago, sareen barnean askoz ere desberdintasun handiagoak daude, eta berdin hizkuntza ereduetan ere. Gainera, atzerriko jatorria duten ikasleen kontzentrazio handienak, atzerriko jatorria duten herritar kontzentrazio handienak dauden herri eta eskualdeetan gertatzen dira.

Egungo desoreka handiari buelta emateko gure proposamena ipiniko dugu mahai gainean, ikastola guztiekin eztabaidatu eta gero. Baina ozen esan nahi dugu ez gaudela jasaten jarraitzeko prest Herri ekimen legegilea dela-eta gure aurka lantzen ari den estigmatizazio kanpaina. Ez gaude prest gure ikastoletan pintadak jasaten jarraitzeko, gainera datu zalantzagarrietan oinarritzen den kanpaina izanik. Hainbat udaletan ikastola da atzerriko jatorria duen ikasle kopuru handiena eskolatzen duen ikastetxea. Baina ez gara kanpaina egiten hasiko. Argi duguna da, erantzun orokor bat eman behar zaiola, eta erantzun horrek Hezkuntza Lege berri batekin izan behar duela.

Eztabaida prozesu honetan, Hezkuntza Akordiorako Proposamena ere aztertzen hasi gara, eta aurreratu egin dezakegu, hezkuntza eragile askok bezala —Euskadiko Eskola Kontseiluak barne—, guk ere faltan igartzen dugula erdietsi nahi dugun sistemaren publikotasun ereduari dagokion eztabaida, eta horri lotuta sistemaren finantzaketari dagokiona. Akordiorako proposamena laster Eusko legebiltzarrera joango da. Horregatik galdetzen dugu: aurrerago garatu beharreko urratsetan eztabaidatuko al dira gai horiek hezkuntza eragileekin?

Erantzunaren zain egongo gara, eta berriro azpimarratu nahi dugu eztabaidarako gure prestutasun osoa.

Esandakoarekin batera, dei berezi bat egin nahi dugu, euskararen inguruan SOS dei bat, nahi baduzue, duela egun batzuk Eusko Legebiltzarrean egin genuen bezala, eskuartean ditugun euskararen gaineko ebaluazio proben emaitzak kontuan hartuta. Egoera oso larria da, eta dagoeneko ez gara ari euskararen erabileraren datuei buruz; euskararen ezagutza maila jaisten ari dela ohartarazten ari gara.

Inoiz baino ozenago esango dugu: hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen. Ezin dugu bertan goxo egoten jarraitu D ereduan gero eta haur gehiago matrikulatzen direlako. Ebaluazioek frogatzen dute, matrikulazio datu hori gora behera, gure ikasleen ezagutza maila ez dela hobetzen ari.

Gure ikasleen euskara ezagutza, ezagutzaren kalitatea, hobetzea behar dugu. Bestela, gure ikasleek euskaraz hitz egiteari uzteko arriskua izango dugu.

Adiskideok, ikastoletan gai handi hauei buruz eztabaida abiatu dugula esan dizuet, baina euskarari dagokionean argi utzi behar dugu: ondo dagoen arren ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean lortu beharreko gaitasunak zehaztea —eta, gainera, Hezkuntza Akordiorako Proposamenean jasotzen den mailarekin ados gaude— hizkuntza ereduak gainditu, eta ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikasteredu orokorra jarri behar da abian, murgiltze eredua. Eta horretarako ere beharrezkoa dugu Hezkuntza Lege berri bat.

Mila esker guztioi, eta gora Ibilaldia!

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesen hitzaldia

Gaur, egun oso polita igaroko dugu, seguru. Adin guztietarako programazio zabala prestatu dugu, denok elkarrekin primeran pasatzeko eta ikastolei eta euskarari babesa emateko. Guztion laguntzari esker, Santurtziko Bihotz Gaztea ikastola handitu eta berritu ahal izango dugu.

Jaia antolatzeko, hainbat familia, irakasle, babesle eta erakunderen laguntza izan dugu. Ezinbesteko laguntza. Oso gogor egin duzue lan, eta eskerrak eman nahi dizkizuet bihotz-bihotzez. Zuek barik hau ez litzateke posible izango.

Bizkaiko ikastolen jai handia ospatzen ari gara gaur, eta bereziki pozik nago Ezkerraldean delako. Nire aita Barakaldokoa zen, eta pena handiz esaten zuen berak ez zekiela euskaraz. Aldi berean, oso harro adierazten zuen bere seme-alabek bagenekiela euskaraz hitz egiten, ikastolara bidali gintuztelako euskaraz ikastera. Ez ziren garai errazak izan euskalzaletasuna bultzatzeko, baina Euzkadi maitatzen irakatsi zidan berak (eta amak, noski), hemen zaudetenok zuen seme-alabekin egin duzuen bezala.

Euskara eta euskal kultura indartzeko asmoz jaio ziren ikastolak, eta horretan dihardugu buru-belarri. Gure gogo guztia eta gure bihotza jartzen ari gara horretan. Hemen zaudetenen kasuan, zuen bihotz gaztea.

Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak mende erdi darama ikastolen proiektua gauzatzen, eta, beste ikastolak bezala, hezkuntza eraldatzeko lanean ari da etengabe. Izan ere, ikastola guztien ezaugarri nagusi berberak ditu: euskaldunak gara, herritarrak, hezkuntza eredu propioa dugu eta eraldatzaileak gara.

Ikastola eredu hori garatzen eta gaurkotzen ari gara, eta horretan jarraituko dugu: neska-mutilak berdintasunean hezten, eta adiskidetasuna, jasangarritasuna, hezkidetza, konpromisoa... eta beste hainbat balore bultzatzen.

Ikastolok apustu pedagogiko eraldatzaile bat egin dugu, etapa guztietara eraman duguna edo eramaten ari garena, Haur Hezkuntzara, Lehen eta Bigarren Hezkuntzara, eta baita Batxilergora eta Lanbide Heziketara ere. Adibidez, Eki programa abiatu dugu, gaztetxoei zuzenduta, horien konpetentziak handitzeko. Dagoeneko, DBHko lau urteetara eta LHko azkenetara heldu da, eta egitasmoa sendotu eta beste maila guztietara zabaldu behar dugu orain. 

Halaber, hezkuntzaren lehen etaparen garrantziaz jabetuta, Haur Hezkuntzako marko berria lantzen ari gara azken urteotan. Sistema berri horrek espazioak egokitzea eta pentsamoldea aldatzea eskatzen du, eta ilusio handiz gabiltza horretan.

Ezin ahaztu, eskola jazarpenari aurre egiteko mundu mailan eragingarriena den programa, KiVa programa, ezarria dugula ikastoletan. Eta azkeneko eraldaketaren abiapuntua aurkeztu dugu aste honetan bertan: ikasle eta adimen aniztasunari erantzuteko unitate-prototipo bat garatu dugu, hurrengo urteetan garatu nahi duguna.

Euskara eta euskal kultura aipatu ditut lehen-lehenik, horiek baitira gure muina, baina gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, ezinbestekoa da beste hizkuntza eta kultura batzuk ere ezagutzea. Hala, bada, euskara ardatz duen eleaniztasuna sustatzen dugu ikastoletan.

Berrogeita hamar urte egin ditu Bihotz Gaztea ikastolak Santurtziko herritarrei kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen, eta Ibilaldian lortzen dugun babesak indarra emango digu zeregin horrekin jarraitzeko. Gainera, euskara plazara zabaltzea da orain erronka, eta gaur bezalako egunek euskara kalera, aisialdira eramateko balio digute. Goza dezagun ba denok euskaraz, Ibilaldian!