Ikastolak Finlandian: Matematikak eta Artea landuz, Erasmus + PUSE proiektuarekin

MATEMATIKAK eta ARTEA uztartuz.
Ikastolak Finlandian Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) bi ordezkari Finlandian izan dira, Jyväskylä izeneko hiri teknologikoan, Europa Batasuneko Erasmus+ proiektu baten barruan (PUSE). Proiektu honetan, aipatu NIE elkarteaz gain, Europako herri ezberdinetatik hainbat erakundek ere parte hartzen dutela, horien artean: Hungaria, Eslovakia eta Finlandia.
Proiektuaren helburua da Janos Saxonek, artista hungariarrak, sortutako material didaktikoa, POLIUniVERSE izenekoa, eskoletan erabiltzea Artea eta Matematikak lotuz.
Artista berak ere parte hartu du Finlandian egin den bileran. Iada Polyuniverse materiala erabiltzen ari dira Europako zenbait eskoletan. Bere diseinuari esker, aukera handiak eskaintzen ditu eskolan bai alderdi estetikoa zein matematikarena lantzeko, bereziki zailtasunak dituzten ikasleentzat.
Bere xedea litzateke ikaslearen motibazioa probestuz, bi arlo hauetako harremanak zein edukiak ikustaraztea, ikasle askori ikasteko bidea ahalbidetuz. Talde honen lana hemendik aurrera, ikasleentzat zein irakasleentzat liburua sortzea izanen da, materialen erabilpena errazteko asmoz eta lan horren fruituak ikusi ahalko dira PUSE taldeak izanen duen hurrengo nazioarteko bileran, Iruñean kokatu dutelarik urriak 25 eta 26an.
Finlandian izandako hiru egunetako jarduera Jyväskylä hirian izan da, eta ordezkariek aukera paregabea izan dute etapa ezberdinetako eskolak bisitatzeko eta hango ikasleriak material honekin nola lan egiten duen ere behatzeko. Finlandiako eskolek nazioarteko ebaluazioetan duten ospea dela eta hagitz interesgarri suertatu dira bisita hauek NIEko ordezkarientzat. Eskola hauen funtzionamendua gertutik aztertzea, ikasle horiekin hainbat ordu konpartitzea, hango irakasleekin ideiak trukatzea oso interesgarri suerta dakieke ikastolei beraien hobetze eta berritze bidean.