Gorka Pagonabarragak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa

Gorka Pagonabarraga durangarrak jantzi zuen txapela Euskal Herriko XXX. Eskolarteko txapelketan, iragan larunbatean Sarako trinketean jokatutakoan. Berarekin batera beste hamabi bertsolari gaztek hartu zuten parte. 15 eta 18 urte bitarteko gazteek osatu zuten txapelketako finalisten taldea.

Hurrenkera honetan egokitu zitzaien kantuan aritzea: Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Haitz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Elixabet Etxandi Goienetxe (Izpura, 2000), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002), Julen Etxeberri Etxart (Zaro, 2001), Hodei Renteria Maleta (Angelu 2000), Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000), Ekiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001).

Binaka – eta kasuren batean hirukote moduan – zortziko handi eta txikian jardun zuten hasieran.  Ariketa horietan puntuazio handiena lortu zutenek egin zuten aurrera bigarren zatirako. Txapeldunak Aner Peritz txapeldunordea eta Aitor Ugarte, Elixabet Etxandi, Irati Alcantarilla eta Oihana Arana izan zituen bertsokide saioaren bigarren zatian. Banaka aritu ziren sailkatutako sei bertsolariak, lehen puntua emanda hasieran eta gaia emanda gero, zortziko txikian eta bost puntuko neurrian hurrenez hurren.

Epaiamahaiaren erabakia jakin ostean, Mikel Mendizabalek eman zion sari nagusia txapeldun berriari. Urteurren biribila izan du aurtengoa Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatutako Euskal Herriko Eskolartekoak: hogeita hamar bete ditu. 1989. urtean jokatu zen lehen aldiz Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan; ordurako egiten ziren lurraldeetako eskolartekoak baina urte horretan gauzatu zen Euskal Herri osoa hartu zuen lehenengoa, Ikastolen Elkartearen eskutik. Mikel Mendizabal izan da txapelketa guztiotan antolaketa lanetan ibili dena, azkenekoan izan ezik, erretiroa hartu baitu.

Sari banaketan parte hartu zuten lurralde guztietako Eskolarteko antolatzaileek, Sarako bertso-eskolako, ikastolako eta Udaleko ordezkariek, eta antolatzaile diren Bertsozale Elkartetik Maialen Lujanbio zuzendaritzako kideak eta Ikastolen Elkarteko Koldo Tellitu lehendakariak.