Ikastolek garatutako programa baten balioa berretsi du YESict proiektuak

Hamar eta hamabost urte bitarteko ikasleengan ekintzailetasun konpetentziak garatzeko Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak elkarlanean diseinatutako programaren baliagarritasuna berretsi du YESict europar proiektuaren kontsortzioak, Bidarten egin duen bosgarren bileran. Europako Batzordearen Erasmus + programak finantzatu du proiektu hau.

Bidarten egindako bileran, herrialde ezberdinetan YESict proiektuak izandako emaitzak aztertu dituzte kontsortzioko kideek eta etorkizunerako planak aztertu dituzte. Herrialde guztietan emaitza positiboak izan dira ikasle, irakasle eta gurasoen iritziz eta hemendik aurrera YESict proiektua gelara eramateko ahalegina egingo da herrialde guztietan.

Ikastolen Elkartea 2015etik ari da parte hartzen YESict proiektu europarrean. Ikastolen Elkartearekin eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin batera ondorengo erakundeak ari dira lanean: Antic (Lapurdi), FH Joanneum Uni (Austria), Synthesis (Zipre), Nikosiako Unibertsitatea (Zipre) eta Vaeksthusthus Sjaelland (Danimarka).

Proiektu honen lehen bilera Kopenhagen (Danimarka) izan zen 2015eko abenduan, bigarrena Nikosian (Zipre) 2016ko apirilean, hirugarrena Kapfenbergen (Austria) izan zen, 2016ko azaroan, laugarrena Vienan 2017ko maiatzan eta bosgarren eta azken bilera Bidarten izan da, 2018ko uztaila hasieran, proiektuko koordinatzailea den Antic-ek duen egoitzan.

Bilera honen bezperan EHIk Antic-ek antolatutako “Les Rencontres Numériques”-en parte hartu zuen eta Andra Mari Ikastolan egindako ezarpen esperimentalaren berri eman zuen mahai-inguru batean.