Milaka ikastolazale hurbildu dira Kilometroak jaira

Egun handia da Urretxu-Zumarraga ikastolarentzat, egun handia bi herri hauentzat eta egun handia ikastola guztientzat. Esker ona adierazi nahi die antolatzaileek, gaur, Zumarragara eta Urretxura inguratu diren ikastolazale guztiei, ikastolaren proiektuarekiko erakutsi duten konpromiso eta elkartasunarengatik. Proiektu euskalduna, herritarra, hezkuntza eredu propioa duena eta eraldatzailea da ikastola eredua. Egunero garatzen doan proiektua, Urretxu-Zumarraga Ikastolan bertan ikusi ahal den moduan.

Gaur bertaratu diren guztien laguntzari esker, Urretxu-Zumarraga Ikastolak aurrera egingo du bere proiektua etorkizunari begira jarriz, etorkizuna gaur eginez. Mila esker, beraz, ikastolari bultzada ematera etorri diren guztiei.

Elkartasun horren trukean, berriz, egun zoragarria prestatu du Urretxu-Zumarraga ikastolaren komunitateak, auzolanean eta bertako herritarrekin batera prestaturiko egitarau zabala daukagu; euskal kulturaren adierazpenaren lagin bat, bai, baina askotariko eskaintzarekin.

Goizeko Hamarretan ireki da zirkuitua, eta eguraldia oso lagun ez bada ere, milaka lagun ari dira ordutik zirkuituaren inguruan buelta ematen, eta guneetako eskaintzaz gozatzen.

Irekiera ekitaldia goizeko 9:30etan egin da. Bertan Urretxu Zumarraga ikastolako lehendakariak eta Kilometroak Kultur Elkartekoak ongietorria egin diete bertaratutakoei. Hitza hartu dute, era berean, bi udaletako alkateek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, eta Gipuzkoako  ahaldun nagusi Markel Olanok.

Hezkuntza  Sistema Propio baten alde

Ikastolen ordezkariek Kilometroak jaiaren bitartez, Urretxu-Zumarraga ikastolaren proiektuari eman nahi zaion bultzada azpimarratu dute.  Era berean, ikastolen xedea ikastolaren hormetatik harago euskarari bultzada ematea dela gogorarazi dute. “Herrigintza herria egitea bada, guk herri eta auzo euskaldunak egin nahi ditugu. Euskara Ikastolan zein kalean entzun nahi dugu. Baina azken urteotan jabetuta gaude egungo sistemak ez dituela gure ikasleak behar bezala euskalduntzen. Egoera honi irtenbidea emango dion murgiltze eredua ezartzea ezinbesteko deritzogu”, adierazi du Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde den Nekane Artolak. Bide horretan, asteburu honetan bertan ospatzen ari garen euskara batuaren 50. Urteurrena ere ekarri du gogora Artolak, eta Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzar hark nola, orain ere euskarari bultzada emango dion ekimen sendo bat behar dela azpimarratu du. Horretan hezkuntza sisteman murgiltze eredua ezartzeak egin dezakeen ekarpena maila bertsukoa izan daitekeela nabarmendu du.

Murgiltze eredua ezartzeko bezala, beste erronka potoloei ere erantzun egokia eman ahal izateko (segregazioari aurre egitea, euskal curriculuma, arte hezkuntza, garapen teknologikoa, ebaluazio sistema propioa, ikaslea erdigunean jartzea, gure baliabideak kudeatzea, ikastetxeen autonomia handitzea...) Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko unea badela ere  aipatu du Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak. “Beraz, alderdi, sindikatu, erakunde eta hezkuntza eragileoi arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu eta dela akordio, dela lege, dela martxan jartzen dugun edozein ekimen Hezkuntza Sistema Propioa eraikitze bidean urrats izan dadila”, adierazi du. “Ez da makala aurrean dugun erronka. Gu prest gaude. Izan ere etorkizuna dago jokoan eta hurrengo belaunaldiek Euskal Herri justuagoa eta euskaldunagoa merezi dute”, amaitu du.

Heldu den urtean, Zarautzen

Eguerdian, berriz, omenaldi ekitaldia eta lekukoaren aldaketaren ekitaldia egin dira. Urretxu-Zumarraga Ikastolak ikasmaterialen ekoizpenean urteetan jardun duten ikastola bertako langileak omendu nahi izan ditu. Ugari dira 1970eko hamarkadatik hasi eta gaur arte bitarte, Ikastolen Elkartearentzat ikas-materialen ekoizpenean jardun duten Urretxu-Zumarragako ikastolako irakasleak, eta guztiak omendu dituzte eguerdiko ekitaldian.

Ekitaldi horri amaiera emateko, berriz, lekuko aldaketa egin da. Urretxu-Zumarraga ikastolak Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolari pasa dio erreleboa. Ikastola honetako ordezkariek pozik hartu dute heldu den ikasturteari begira Kilometroak jaia Zarautzen ospatzeko erantzukizuna, eta gogoz eta gogor lan egingo dutela hitz eman dute, 2019ko urriaren 6ko Kilometroak jaia bikain irten dadin.