Euskaraldia ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak aurkeztu ditugu

Euskaraldia zer den azaltzeko eta ekimen hori sustatzeko helburuarekin, haur, nerabe, gazte eta helduentzako unitate didaktikoak aurkeztu ditugu, gaur, Bilbon, ikastolok, Irrien Lagunak elkarteak, AEK-k eta Eusko Jaurlaritzak. Ikastolok ikastetxeetan lantzeko unitateak garatu ditugu, AEK-k helduentzakoa eta Irrien Lagunak-ek aldizkari monografikoa egin du, unitate didaktikoetan erabiltzeko. Eusko Jaurlaritza ere izan da bertan, sustatzaileetako bat baita, baina Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak ere sustatu dute ekimena.

Ikastolok hasieratik egin genuen bat Euskaraldiarekin, eta hasieratik izan gara ekimen honen sustatzaileak. Azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean, Ahobizi izango gara ikastolak, eta buru-belarri ariko gara Euskaraldian zehar ariketa esanguratsu hau aurrera eramaten, aurreko egunotan prestaketan ari garen ilusio eta gogo berarekin ez bada, ilusio eta gogo biderkatuekin.

Baina hezkuntza talde garen heinean, argi izan dugu ekarpen berezi bat egin behar geniola ekimen honi. Ekarpen horren emaitza dugu gaur aurkeztu dugun unitate didaktikoa; hobeki esan bat ez, hiru unitate didaktikoz osatua baitago, adin talde eta etapa desberdinak aintzat hartuta.

Horrela banatu ditugu unitateak

  • Lehena, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa da.
  • Bigarrena, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa.
  • Azkenekoa, Batxilergoko ikasleekin lantzekoa.

Unitateok adin eta etapa desberdinak aintzat hartuz eta haietara egokituz prestatu ditugu. Hainbat helburu lortu nahi dira eta horretarako prestatu dira unitateetako proposamenak. Helburu nagusiak hauexek ditugu:

  • Euskaraldiaren berri ematea ikasleei.
  • Hamaika egunetako ekimenean parte hartzea bultzatzea.
  • Euskaraldiarako girotze- eta hurbilpen-ariketak egitea.
  • Euskaraldian landutakoan eta bizi izandakoan oinarrituta, eguneroko bizitzan euskararen erabilera areagotzera bideratutako konpromisoak hartzea.

Euskaraldia ekimena hamasei urtetik gorako herritarrentzat dago zuzendua, eta, horregatik, unitate hauetan ere bada berezitasunik.

Lehen bietan, bi helburu nagusi daude: alde batetik, haur eta gaztetxoek ulertzea helduak zertan ariko diren Euskaraldian eta, bestetik, belaunaldi gazteek helduak (gurasoak bereziki) motibatzeko daukaten ahala aprobetxatzea. Euskararen erabileraren motibazioa denon artean sustatzea garrantzitsua izango da, eta etorkizuneko euskal hiztunak gaurtik prestatzea funtsezkoa ere bada.

Hirugarren unitateak, Batxilergoko ikasleei zuzendutakoak, gazteak Euskaraldian parte hartzera bultzatu nahi ditu. Ariketa hori 16 urtez goragokoei zabaldua denez, Batxilergoko ikasleek toki osoa daukate herritarren artean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, izan beren auzoan, zein Euskal Herri osoan.

Horregatik, Unitate Didaktiko honetan, ikasle baino, herritar gisa hartuko dira 16-18 urte bitarteko gazteak, Euskaraldian Ahobizi ala Belarriprest izan daitezen gure gizartean. Noski, gure perspektiban, bilatuko dugu adin horretako jendea ahal bezainbat Ahobizi izatea, baina horrela sentitzen ez diren gazteei, helduei bezalaxe, Belarriprest izateko aukera zabalduko zaie: alde batetik perfil hori ez gutxiesteko, eta bestetik, horretarako prestatzeak gogoeta interesgarria suposatzen duelako euskararen erabileraren ibilbidean.

Dena dela, Euskaraldiak iraun bitartean, Batxilergoko ikasle guztiei eskatuko zaie ikasle Ahobiziak izatea ikastetxeko eremuan behintzat, horretarako giroa sortuz denon artean, baita ikasle gazteagoekiko erreferente izanez ere.

Izan ere, hamasei urtetik beherako ikasleek erronka nagusia izango dute Euskaraldiak iraun bitartean, ikastetxean behintzat, Ahobizi izatea. Helduek 11 egun igaroko dituzte euskararen erabilera areagotzen ingurumen hurbilean: guk, zergatik ez? Baietz lortu!

Esan beharrik ez dugu, unitate hauek Euskaraldia hasi baino egun batzuk lehenago Euskal Herriko ikastetxe guztietan lan ditzaten nahiko genukeela. Gure eguneroko bizitzan euskararen presentzia areagotzea helburu duen ekimen honi hezkuntzatik egin geniezaiokeen ekarpen handietakoa da.

Hemen dituzue unitateak