Euskadi Saria 'Santa Familia' komiki albumari

Atzo banatu ziren Euskadi Literatur Sariak, eta Haur eta Gazte Literatura alorrekoa Ikastolen Elkarteak publikatutako Santa Familia komiki albumari eman zioten. Eider Rodirguez idazleak jaso zuen saria, baina sari banaketan izan ziren album hau argitara eman ahal izateko era batera edo bestera parte hartu duten beste egile eta eragile guztiak ere: Julen Ribas marrazkilaria, Dani Fano, Xabiroi komiki aldizkariko zuzendaria; eta Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria.

Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki aldizkariaren iazko bilduma da Santa Familia. Eider Rodriguez idazleak eta Julen Ribas marrazkilariak elkarlanean egindako emaitza da. Epaimahaiak Rodriguez saritu duen arren, ipuin grafikoa da Santa Familia, eta Ribasek marrazkiekin egindako lana ezinbestekoa da obra honetan. 

Familia da emanda datorren gauza bakarra. Ez lagunak, ez bizimodua, ez ingurua, familia baizik. Norak, ordea, arau horri ihes egingo dio. Sekretu bat gordetzen du. Bere sekretua. Baina hura kontatzeko ordua iritsi da, eta sakratua den instituzioa eztanda egiteko zorian dago. Jakina da, ordea, iraultza txikiak behar izaten direla gauzak bere onera ekartzeko. Istorio hori kontatzen du Santa Familia-k

Euskadi Literatur Sarien epaimahaiak honela azaldu ditu saria emateko arrazoiak:

"Bertute asko dituen literatur lana da Santa Familia. Ausarta bezain eraberritzailea da, komikiak literaturari eskaini diezaioken maila garaiaren lagin eredugarria.

Gaia ikuspuntu original batetik jorratzen da, familiaren kritika zorrotza bitarteko, nerabeak emantzipaziorako bidea nola egiten duen erakusten diguna. Obra honetan gurasoei egindako kritika, ordea, ez da ariketa apurtzaile antzu bat; aitzitik, irakurleari hausnarketarako bide ugari eskaintzen zaizkio, kasurako balizko xede irakurle den nerabearentzat nortasuna eraikitzeko lagungarriak izan daitezkeenak.

Berariaz egiten die ihes zuzenkeriei, konbentzionalismoen dekonstrukzioa eginez.

Testuak ironia eta sarkasmoa erabiltzen ditu umorezko tonu batean; karikaturaren eta azidotasunaren bidez gag sorta zabala josten du, gazteen klabean jaurtiak.

Teknika literarioa ez da nolanahikoa: elipsiak erabiltzeko modua eta testuaren sintetikotasuna harrigarriki ongi kudeatzen dira hasieratik amaierara arte, ekonomia linguistikoa darion gidoi burutsu baten bidez.

Anbiguotasuna errekurtso literario bezala erabiltzen da. Errealismo kritikoaren ingurumarian beti ere, une batetik aurrera protagonistak irudimenarekin egiten duen jolasaren eta zientzia fikzioaren arteko mugak lausotzera iristen da, irakurlearen parte hartze aktiboa eta interpretazioa ezinbestean interpelatuz".

Duela sei urte, Iban Zalduak idatzi eta Julen Ribasek berak marraztutako Azken garaipena komiki albumak jaso zuen 2012ko Euskadi Literatur Saria, Haur eta Gazte Literatura alorrean.