Bermeoko Udalaren harrera planaz hausnartzeko bilera

Bermeoko alkate Idurre Bidegurenekin eta alkateorde Benito Ibarrolazarekin batzartu gara gaur Eleizalde ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak, herri horretako Udalak egin duen Bizikidetza eta Aniztasun Planaz hausnartzeko eta gure ekarpenak egiteko. Ikastolen izenean EHIko lehendakari Koldo Tellitu eta Eleizalde ikastolako zuzendari Iñaki Beitia izan dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan atzerriko jatorri duten ikasleak eskolaratzeko orduan segregazioaren arriskua gainditzeko hainbat neurri proposatu eta publiko egin zituen Ikastolen Elkarteak, iragan urriaren 18an. Proposamenean, udalek gai honetan duten eragina azpimarratu genuen, segregazio arriskua ez delako hezkuntzaren arazoa bakarrik, gizarte osoarena baizik. Horregatik, proposamenean, ikastoletako harrera planak aipatzen ditugun bezala, era berean, herri eta auzoetako administrazioek bultzatutako harrera plan integralak ere beharrezkoak direla pentsatzen dugu.

Bermeoko Udalak gure ikuspuntua partekatzen duela egiaztatzeak eta harrera plan integrala, hezkuntza eremuari buruzko proposamenak ere jasotzen dituena, lantzen ari dela ikusteak poztu egin gaitu. Gainera, eragile  desberdinen parte-hartzearekin ari da egiten.

Urtez urte ingurune berrira eta gure Ikastola eredura egokitzeko premia handiak dituzten ikasleak datoz gure geletara; gero eta gehiago, gainera (Eleizaldera ikasturte honetan dagoeneko 12). Ikasle horiek gizarte eta eskolako komunikazio-hizkuntzak ikasi behar dituzte, curriculum-jatorri desberdinetakoak dira, … Zein neurritan ematen ari zaie ikasle berri horiei hezkuntza arreta egokia? Ikastolen mugimendua egoera honetaz arduratuta dago, eta erantzun egokia eman nahi dio.

Atzerritar jatorria duten ikasleak ez dira matrikulatzeko ezarritako epeetan iristen, eta, gainera, beste sistema batzuetan eta ezagutzen ez ditugun hizkuntzetan eskolatutako ikasleak dira (kasu askotan, etorri “berriek” eta beren familiek ez dituzte euskara eta gaztelania ulertzen), ikasteko estilo desberdinak dituzte, eta batzuek oso eskolatze eskasa izan dute.

Ikasle horien eskola-arrakasta lortzeko, eskola-giro adeitsua sortu behar da eta ikasle horien sozializazioa sustatu  behar dugu (harremanak, kultura arteko baloreak, … ). Curriculumera sartzeko, hizkuntza ezinbesteko tresna dela kontuan hartuta, eskolako hizkuntzak eskuratzeko prozesua optimizatu behar da. Giza baliabideak ez ezik, bigarren hizkuntzetan eta haien didaktikan ere prestakuntza beharko dute irakasle guztiek.

Horregatik, Bermeoko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planean 2.4 puntuan jasota dagoen ekintza, “Jatorri atzerritarreko haurrengan euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzea”, guztiz egokia ikusten dugu, bereziki planean agertzen den moduan egiten bada, hau da, Ikastetxeekin modu koordinatuan.

Euskararen ikaskuntzarekin batera, euskal curriculumaren ezagutza bultzatu behar da; horrela, euskal gizartean sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak Euskal Herrira etorri diren atzerritar jatorria duten ikasleek barneratzen eta konpartitzen duten neurrian, guztiok elkarrekin bizitzeko sustrai komunak sortuko ditugu. Bermeon sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak ahaztu barik. Hau ere ikastetxeekin modu koordinatuan egitea garrantzitsua ikusten dugu.

Etorkinek edota gure sistemara etorri berriak direnek oso era eskasean, partzialean eta zehaztasunik gabe ezagutzen dute gure hezkuntza sistemaren errealitatea, eta, zer esanik ez, ikastola eredua. Kasu askotan, euskara existitu egiten dela ere ez dakite etorkinek, ezta ikastetxeetan, eskola-eremuan, jarduera osagarrietan eta eskolaz kanpokoetan, ikasleek komunikatzeko hizkuntza gisa erabiltzen dutela ere. Gure kultur adierazpen nabarmenenak zeintzuk diren ere ez dakite.  

Horregatik, atzerritar jatorriko ikasle eta familiei harrera eta arreta emateko prozesuak garrantzi handia du; ezinbestean informazio eta orientabide egokiak jaso behar dituzte. Beraz, Bermeoko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planean 2.2 puntuan jasota dagoen ekintza, “Bizikidetzarako eta gizarteratzeko beharrezkoa den informazioa helaraztea iritsi berriei”, guztiz egokia ikusten dugu.

Harrera prozesuan umeen eskolatzea elementu oso garrantzitsua da eta, horregatik, herriko ikastetxe guztiek laguntza eman beharko diote herrian bizi diren ikasle etorkinak eskolatzeko prozesuari. Era berean erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da prozesu honetan. Horregatik, udalek, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanda, harreman estu eta zuzen bat eduki beharko lukete Eskolatze Batzordeekin.

Eskolak testuinguru anitzago baten erronka espezifikoei hobeto erantzuteko, kultur arteko harreman eta bizikidetza harreman positiboen ingurune bat eraiki behar da eskola ingurunetik kanpo. Garrantzitsua da adingabe guztiei beren hurbileko gizarte ingurunetik kanpoko hezkuntza jardueretan, jolas jardueretan eta kultura jardueretan parte hartzeko aukera bermatzea, gizarte eta herri osoaren ingurune benetan adierazgarri batean txertatzeko aukera errazteko.

Horrela, egokia izango litzateke eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian parte hartzen duten eragileek elkarlanean aritzea atzerritar jatorria duen ikasleriarekin.

Azkenik, Bermeon dauden atzerriko familiek euskal hezkuntza sistemaz eta Bermeoko ikastetxeez duten pertzepzioari buruzko azterlan bat sustatzea interesgarria ikusten dugu; familia hauen iritziari garrantzi berezi bat eman behar zaiola pentsatzen dugu. Ondo ezagutu behar dugu zein diren ikastetxe batean gustura egoteko balioesten dituzten faktoreak. Azterlan hau, gainera, haien parte-hartzea eta inplikazioa sustatzeko baliogarria izan daiteke.

Halaber, Bermeoko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planaren hobekuntzan laguntzeko gure prestasuna eskaini nahi dugu.

Bermeoko alkateak eta alkateordeak Bermeoko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planaren hobetzeko egindako ekarpenak eskertu dituzte; izan ere, “gure plangintza irekia da eta eragile ezberdinek egiten dituzten ekarpenek beti ere aberasgarriak dira”.

Plan honekin Bermeoko Udalaren “apustua da gizarte justuago, berdintsuago eta kohesionatuago bat lortzea”, eta Ikastolak plan honetan bere hausnarketa eta ekarpenekin parte hartu nahi izatea guztiz positiboa da, hezkuntza arlo garrantzitsua baita helburu horiek lortu ahal izateko. “Beraz, espero dugu elkarlan honekin jarraitzea guztion artean gizarte hobeago bat lortzeko”, nabarmendu dute Bidegurenek eta Ibarrolazak.

Bermeoko alkateak adierazi duenez, “kultura ezberdinen arteko gizarte baten aurrean aurkitzen gara, immigrazioaren fenomenoa ondo ulertu behar dugu, datuak ondo aztertu, aurreiritziak gainditu eta daukagun errealitatearen aurrean dibertsitate kultural handiko herri bat eraiki denon artean”.