Kolonbiako La Esperanza Kooperatibako kideekin bilera

Zenbait ikastola  bisitatu eta gero -Udarregi, Haurtzaro Azkue eta Urretxindorra- Kolonbiako La Esperanza Kooperatibako ordezkariekin egoteko aukera izan dugu Ikastolen Elkarteko ordezkariok. Beraien komunitatean hezkuntza proiektuak garatzeko formazioa eta informazioa jasotzera etorri dira Euskal Herrira. Gure esperientzia eta bereziki hIZAN proiektua bertatik bertara ezagutu nahi izan dute.

Beraien asmoa da ekainean haur eskola bat zabaltzea; esperientzia pilotu gisa egingo dute, ondoren, Kolonbiako 26 zonaldetara zabaltzeko asmoarekin. La Esperanza Kooperatibak, FARCeko gerrilari ohiek eta komunitateko kideek eratutakoak, bultzatutako ekimen bat izango da. Orain dela bi urte Kolonbiako gobernuaren eta FARC-EPren arteko hitzarmenaren testuinguruan sortutakoa da kooperatiba hau. Italiako Noncello kooperatibaren eta Action For Peace nazioarteko erakundearen babesa ere badauka.

Gure ikastoletan ikusi eta ikasitakoa hara eramateko oso baliagarri izango zaiela adierazi digute. Bere proiektua garatzeko etorri baino lehen ideia bat zutela, eta gure proiektua ezagutu ondoren aldatu egin dutela ere esan digute. Gure espazio berri eta berritzaileek eta espazio horietan gure ikasleek duten mugimendu askatasunak atentzioa eman diete, bereziki eredu pedagogiko eraldatzailearen zerbitzura daudelako.

Haiekin egindako bileran, gure eredu sozietarioaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkiegu. Guk bezala, beraiek ere, kooperatibetan antolatuta daude. Kolonbiako gobernuaren eta FARC-EPren arteko Hitzarmena sinatu zenetik, hainbat kooperatiba sortu dira produkzioaren eremu ezberdinetan eta kooperatiba hauek La Esperanza kooperatibak aurrera eraman nahi duen hezkuntza proiektuen euskarri dira.

Gurasoen, irakasleen eta langileen parte-hartze zuzena ikastolen eguneroko kudeaketan nola egiten dugun azaldu diegu, baita gureak bezalako menderatutako herrietan kurrikulum propio bat edukitzearen garrantzia ere. Gure historian ikasmaterial propioak sortzearen garrantzia azpimarratu diegu, baita lan hori aurrera eramateko izan ditugu zailtasunak ere.

Gure bi herriak oraintsu garai gatazkatsutik atera garenez, hezkuntzan memoria hurbilari eman behar zaion papera ere aztertu dugu.

Plazerra izan da beraien bizipenen eta egoeraren berri zuzenean jasotzea, eta, bereziki, hezkuntzari buruz zenbait balio partekatzen ditugula egiaztatzea, besteak beste, hezkuntzaren ikuspegi komunitarioa, autokudeaketaren garrantzia, pedagogia aurreratu eta aurrerakoia edukitzearen garrantzia, elkartasuna, kooperatibismoa … Amaieran beraientzat Ikastola eredua erreferentzia bat izan dela esan digutenean hunkitu egin gara.

Aurrera herrien arteko elkartasuna eta elkarlana! Beste behin ere, Hezkuntza Elkarrekin Eraldatzen!