David Duran: “Taldean lan egitea korapilatsua da; laguntzarekin ikas daiteke soilik”

DAVID DURAN

PSIKOLOGIA DOKTORE ETA BARTZELONAKO UNIBERTSITATE AUTONOMOKO HEZKUNTZA PSIKOLOGIAKO DEPARTAMENDUKO IRAKASLEA

“Taldean lan egitea korapilatsua da; laguntzarekin ikas daiteke soilik”

ZEINTZUK DIRA IKASKETA KOOPERATIBOAREN ABANTAILAK?

Abantaila asko ditu. Zenbait egilek diotenez, alor honetan aski ezagun diren Johnson anaiek, adibidez, hezkuntza psikologian gehien aztertu den alorra da eta aldeko zientzia ebidentzia gehien dituena. Nire ustez lau ideiatan laburbil genitzake abantaila hauek. Lehena da metodologia ona dela aniztasunari erantzuteko; ikasle guztiak desberdinak direla onartzeaz gainera, desberdintasun horiek erabiltzen ditu ikasketarako iturri gisa. Gainera, ikasketa kooperatiboak gizarte abilitate konplexu oso baliagarrien garapena sustatzen du, enpatia eta komunikazioa esaterako, besteekin lan egiten dugunean soilik garatu daitezkeenak. Horregatik, gure ikasleek talde gisa lan egiten dutenean, ikasi egiten dute eta lankidetzan aritzen ere ikasten dute. Hirugarren ideia da ikasketa funtzionala dela, oso funtzionala. OCDErentzat lan egiten duen erakunde baten arabera, hiru konpetentzia nagusi daude XXI. mendeko herritarrentzat, eta horietako bat da beste batzuekin lan egitea inguruabar desberdin eta askotarikoetan. Eta, azkenik, baina irakasleontzat oso garrantzitsua, badakigu elkarlanean lan egitea ikasteko modu oso ona dela; besteekin, bereziki abilitate gehixeago dituen kide batekin, dugun elkarreraginari esker daukagu ikasteko aukera.

BERE AURKARIEK DIOTE IKASLEAREN ROLA DUTENEK IKASTEN DUTELA BAINA EZ IRAKASLE EDO TUTOREAREN ROLA DUENAK

Baieztapen interesgarria da. Azken hamabost urteetan eskola sareekin egin dugun lanean, berdinen arteko tutoretza programak ezarriz, non ikasle bati, abilitate gehixeago zuenari, tutore lanak eman zaizkion, gure iritziz irakatsiz ikasten duelako, ikusi dugu irakasle askok, eta baita ikasleek eta familiek ere, ikuspuntu hori zutela. Izan ere, jakintza asko pilatu dugu laguntza jasotzen duen ikasle batek nola ikasten duen aztertuz; ez ordea, ikasle batek beste batzuei irakatsiz nola ikas dezakeen. Horregatik jardun dugu urteotan irakas-ikaskuntza kontzeptuaren gainean lanean, alegia, irakatsiz ikasteko aukeraren gainean lanean. Eta zientzia ebidentzia batzuek baieztatu digute posible dela irakatsiz ikastea, modu egokian antolatzen badugu interakzio hori.

DUELA EGUN GUTXI, GURASOEN ETA TUTOREAREN BILERA BATEAN, GURASO ZENBAIT KEXU AZALDU ZIREN PROIEKTUAK LANTZEKO ORDUAN IKASLE BATZUEK DENA EMATEN DUTELAKO ETA BESTE BATZUEK EZ.

Hau ere ohar interesgarri bat da, eta, gainera, benetako errealitate bati erantzuten dio, eta ikerketa alorrean lan onak egin dira 1980eko hamarralditik hona, bereziki elkarlanaren inguruko ikertzaile nekaezin eta ikasketa kooperatiboaren hedapenaren aldeko diren Johnson anaien eskutik. Hauek ikerketa bat egin zuten eta agerian utzi zuten ikasleak elkarrekin jartzen ditugunean eta elkarrekin lanean hastea espero dugunean, esan duzun hori  dela gertatzen dena. Egile hauek ‘erantzukizunen barreiatzea’ deitzen diote horri. Taldearen barruan fenomeno osagarri bat ere gertatzen da; izan ere, batek edo batzuek erantzukizun osoa hartzen dute, egile horiek helburu batera doan txaluparen metafora erabiltzen dute non ikasle batek edo batzuek arraunei heltzen dieten jakitun direlako beraiek arraun egiten ez badute ez direla porturatuko; eta, modu osagarrian, beste batzuek begira geratzen dira eta polizoi gisa jokatzen duten. Gertatzen dena azaltzeko modu grafiko bat da.

Egile horiek diote derrigorrezko hezkuntzan, oraindik ere abilitate sozialak ikasten ari diren ikasleak ditugunean, soilik elkarrekin jartzen baditugu, aukera guztiak ditugula esan duzun hori gerta dadin. Horregatik diote ikasketa kooperatiboa ez dela soilik ikasleak elkarrekin jartzea; aitzitik, irakasleak laguntzak eskaini behar dizkie talde lanean ari diren horiek talde bat osa dezaten, lantalde horretan kiroletan egin ohi den moduko elkarlan bat sor dadin.  Futbol talde batean, entrenatzailearen eginkizuna ez da mugatzen bere jokalariei zelairatu eta golak sar ditzatela agintzera; aitzitik, interakzio hori antolatzen du jokalari horiek talde bihur daitezen. Horregatik, hori gertatzeko baldintzetako bat da interdependentzia positibo bat edukitzea, denek argi edukitzea arrakastak eta porrotak taldearen esku daudela, eta, beraz, bakoitzaren arrakasta eta porrota taldeari lotuta dagoela. Eta beste baldintzetako bat da taldeko kide guztiek ekarpena egin behar dutela, taldearen arrakastarako ekarpena egin behar dutela.

ZEINTZUK DIRA BERDINEN ARTEKO IKASKETAREN GAKO NAGUSIAK?

Arestian esan dugunari lotuta, gakoa da irakasleak laguntza eman ahal izatea interakzio hori elkarlanetik talde izatera igaro dadin; horrek esan nahi du elkarlana sor dadin lana antolatzen lagundu behar duela, bai baitakigu laguntza hori gabe ez dela espontaneoki sortuko. Beraz, taldeko kideen harremana emankorra izateko moduak eskaini behar ditugu. Modu horietako batzuk, nahikoa errazak, ikasketa kooperatiborako teknikak eta metodoak erabiltzea da, diseinu didaktikoak; batzuk sinpleagoak, tekniken kasuan, eta beste batzuk konplexuagoak, sendoagoak, interesgarriagoak, metodoen kasuan, irakasleen esku jartzea ikasleak elkarlanean aritzetik talde izatera igaro daitezen.

NOLA IGAROTZEN DA ELKARLANETIK, TALDE IZATERA?

Badira irakasle batzuk hau diotena: “Taldean lan egiten ez dakiten ikasleak ditut, eta horregatik ez ditut lantaldeak antolatzen, galdu egingo dira eta …” Bizitzako beste gauza asko bezala, elkarlanean elkarrekin lanean arituz ikasten da. Beraz, aukerak eman behar zaizkie ikasleei taldean lan egiten ikas dezaten. Eta kontuan eduki behar dugu, taldeetan lan egiten denean, irakasleak paper pribilegiatu eta garrantzitsu bat duela: taldeei laguntza eman ahal izatea, laguntza egokituak, pertsonalizatuak, gela osoari zuzentzen zaionean eman ezin duena, eta, era berean, gure ikasleei zein abilitate sozial garatzen lagundu behar diegun antzematea. Beraz, gakoa da ulertzea taldean lan egitea, helduok dakigun moduan, korapilatsua dela eta soilik laguntzarekin ikas daitekeela, kasu honetan, derrigorrezko hezkuntzako testuinguruan ari garelarik, irakasleak eskainitako laguntzarekin.