Carles Parellada: “Eskolak espazio publikoago bat izan beharko luke, zirkulazio jarioago batekin”

CARLES PARELLADA

BARTZELONAKO UNIBERTSITATE AUTONOMOKO HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IRAKASLEEN FORMAZIORAKO TALDEKO KIDEA ETA PEDAGOGIA SISTEMIKOAREN DIPLOMATURAKO KOORDINATZAILEA

“Eskolak espazio publikoago bat izan beharko luke, zirkulazio jarioago batekin”

EGUNGO FAMILIEK GEHIAGO EXIJITZEN AL DIETE IRAKASLEEI ETA IKASTOLARI? NOLA ALDATU DA FAMILIEN PERTZEPZIOA BEREN SEME-ALABEK JASOTZEN DUTEN HEZKUNTZAREN GAINEAN?

Ez dugu inolako zalantzarik. Familiek beren seme-alaben hezkuntzan interesa izan dute betidanik, baina orain badugu familien belaunaldi bat, batez ere 1975-84 urteen artean jaiotakoak, oso interes handia dutenak beren umeen heziketan, eta kezka handiz bizi dute hori. Hezkuntza lehen planora igaro da familietan, hezkuntzaz hitz egin eta eztabaidatzen dute, zein ikastetxe aukeratu, nolakoak izan beharko luketen eskolak eta irakasleek... Honek guztiak ondorioak ditu gurasoen exijentzia mailari dagokionean, baina baita haurrek eta irakasleek hori bizi duten moduari dagokionean ere. Esan genezake, alde honetatik, desberdintasun nabarmen bat dagoela lehengo eta oraingo gurasoen artean.

DUELA EZ ASKO, IRAKASLEEN STATUS GALERAZ HITZ EGIN ZEN, ETA HAIEN AHALDUNTZE BEHARRAZ. URRATSAK EGIN DIRELA USTE DUZU?

Gizartearen, eta hezkuntzan ere bai, egunerokotasunean denbora gehiago behar izaten da hasierako aldaketa eskariari erantzuna emateko orduan. Katalunian, esaterako, familiak administrazioa behartzen ari dira hezkuntzan kalitate handiagoa eskain dezan. Lehen aipatu dudan interes horrek aldaketa bat ematea behartzen du, baina aldaketa hori mantsoa da. Gurasoek ez dute argi ikusten beren beharrei erantzun zaiela, eta exijitu egiten dute eraldaketa hori gerta dadin. Baina, bestalde, administrazioa, edo hezkuntza sistema bera edo irakasleria bera beste abiadura batean doaz. Irakasleok tradizio batetik gatozelako, eraldaketa prozesu batean gaude, baina modu estrategikoago batean egiten dugu. Orain exijentzia maila handiago bat izan dugu, aldaketa bizkorragoak eskatzen dizkigute, baina ez dira abiadura horretan ematen ari. Horregatik egonezin bat sortu da. Hori Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako jauzian ikusten ari gara Katalunian. Haur Hezkuntzan egin diren esku-hartzeen indarrak eraldaketa eraman du Lehen Hezkuntzara ere. Bigarren Hezkuntzarako jauzia konplexuagoa da, baina belaunaldi horretako gurasoek dagoeneko etapa horretan dituzte beren seme-alabak, eta eraldaketa horren zain daude. Hori, ordea, ez da hain erraza ez administrazioarentzat, ez hezkuntza komunitatearentzat eta ezta irakasleentzat ere.

ZEIN LEKU IZAN BEHARKO LUKETE FAMILIEK ETA IRAKASLEEK HAURREN HEZIKETAN?

Horixe da hain zuzen aurreko bi galderen froga-harria. Egoera aldakor bat bizi dugunez eta horri erantzuteko modu bat dugunez, oso garrantzitsua da leku hori zein den argitzea. Pedagogia Sistemikoaren begiradaren pean, ez dugu inolako zalantzarik: gurasoak dira beren seme-alaben heziketaren protagonista nagusiak, beraiek baitira kontratu bat sinatu dutenak, eta letra txikiak baitio bizitza osorako dela. Gurasoentzako, seme-alaben bide-laguntzaile izatea ez da heziketa etapara mugatzen, bizitza osora baizik. Ondorioz, protagonismoa eta erantzukizuna berena da; inork ezin die horiek ebatsi. Beraz, lehenbizi gurasoak dira, eta, ondoren, datoz eskola eta irakasleak. Baina zer gertatzen da? Eginkizun desberdinak ditugula. Helburua antzekoa dugu, ume horiek eroso sentitzea, beren ikasketak, konpetentziak eta abilitateak garatzea, eta horretan ados gaude. Baina bakoitzak duen eginkizuna desberdina da. Gurasoek ezin dute espero irakasleek beraiek guraso gisa egingo zuketena egitea, eta irakasleek ere ezin dute espero gurasoek irakasle moduan jokatzea. Orduan zein leku du bakoitzak? Garbi dago lehen lekuan gurasoak daudela, eta hori irakaslearentzat ez da hain eramanerraza. Zergatik? 25 ikasle dituen gela bat duelako, hura homogeneizatzeko esfortzu handi bat egiten duelako ongi funtziona dezan, eta 25 familia desberdin dituelako. Orduan, nola emango dio protagonismoa horietako bati, hori dena harmonizatu behar badu? Eta, gainera, agian bere irudiko ongi egiten ari ez den bati? Oraindik irakasleen aldetik aurreiritzi asko dago familien jokabidearen inguruan. Egia da, badirela familia batzuk euren seme-alabekin behar bezain ongi ari ez direnak, baina horrek ez digu eskubiderik ematen irakasleoi familiek nola jokatu behar duten esateko; izatekotan, egoera ahal den neurrian hobetzen lagun dezakeen elkarrizketa bat sortu ahal du. Eskolak ez ditu behar besteko baliabiderik errealitate hori zeharo eraldatzeko. Zailtasun handirik ez duten neska-mutilen kasuak erraz bidera daitezke. Aldiz, zailtasunak baldin badaude, familiak heziketa ulertzeko duen moduarengatik edo bere umeen bizitza antolatzeko duen moduarengatik, erantzun egokia aurkitzea zaildu egiten da. Beraz: aurrena gurasoak, eta gero dator eskola, baina gurasoak eskola barruan sartzen direnean, han irakasleek zuzentzen dute eskola. Paradoxikoa ematen du, baina oso garrantzitsua da hori argi edukitzea.

ONDORIOZ, ZER HARREMAN MOTA IZAN BEHAR DUTE FAMILIEK IRAKASLEEKIN?

Bi oinarritan laburbiltzen da. Lehena da komunikaziorako espazioak sortu behar direla, batzuei eta besteei gertatzen ari zaienaz hitz egiteko. Bigarrena da konfiantza eman behar dela. Zer dute gurasoek konfiantzarekin? Presio handia dute aldiro ari direlako pentsatzen euren seme-alabek bizitzan aurrera egingo duten, behar adina ikasiko duten, ikasiko duten hori baliagarri izango zaien, eta horrek prozesuari dagokion denboralizazioz begiratzea zailtzen die. Orduan, errealitateari begiratzen diote bizitzen ari diren unetik beretik; eta horrek mesfidantza sortzen die. Mesfidantza hori ez da halabeharrez eskolaren barruan sortzen, baina bai eskolaren inguruan: PISA informeak direla, eskola porrotaz mintzatzen denean, aniztasuna arazo bihurtu dugunean… horrek presioa eragiten du eta gurasoengan mesfidantza sortzen du. Orduan, eskolek esfortzu bat egin behar dute konfiantza hori sortzeko, eta hori kontaktuaren bidez soilik lor daiteke. Hau da, ez da mezuen bidez lortzen, edo whatsapp bidez, edo protokoloen bidez… hau da, edo familiak eta irakasleok hitz egiten dugu, edo ez dugu korapilo hau askatuko. Komunikazio espazioak dira ikasgeletako bilerak, elkarrizketak, elkarlanerako espazioak, elkarrekin gauzak egitea. Eskolak ate bat ireki behar die familiei eta komunitateari; eskola eta errealitatea bereizten dituen mintzak iragazkorragoa izan behar du, baita gardenagoa ere. Gurasoek ezin diote irakasleei ikasgelan egin behar duenaz agindu, hori irakaslearen eskumena da, baina irakasleok eskolan egiten dugunaz gardenak izatera behartuta gaude. Batzuetan, irakasleok informazioa gordetzen dugu, uste dugulako horri buruz hitz eginez gero egoera korapilatu egingo zaigula; bai, baina hitz egiten ez badugu ere korapilatu egingo zaigu. Hobeagoa da hitz egitea, mahai gainean jartzea, gaia alde desberdinetatik begiratzeko eta irtenbide bat bilatzeko espazio bat sortzea, bestela mesfidantza sortzen dugulako. Azalpenik ematen ez dugun oro, edo ezkutatzen dugun oro, gatazka bihurtzen da.

ZEINTZUK DIRA ZAILTASUN HANDIENAK HARREMAN HORIEK ZUK DIOZUN MODUKOAK IZAN DAITEZEN?

Opakotasuna eta mesfidantza, eta baita istorio pertsonalak ere. Ni haurtzaro gorabeheratsu bat izan badut, adibidez, nire familia oso autoritarioa izan delako, mugekin malgua izateko joera edukiko dut; orduan, eskolak, gutxieneko ordena bat eduki beharra daukan egitura bat delako, muga edo arau batzuk jartzen dituenez, guraso horiek gatazkak izan ditzakete horrekin. Baina ez eskolarekikoak bainoago beren istorioarekiko gatazkak izango lirateke. Horregatik garrantzitsua da baita ere bakoitzak dakarguna ohartzen laguntzeko lan bat egitea. Begirada sistemikoak interrelazioak nola erabiltzen ditugun ikusten laguntzen digu, gordean dagoena ikusten laguntzeko; mahai gainean jarri nahi dugun informazio gorde bat dago. Adibidez, elkarrizketa batean guraso bati galdetuko genioke: “Matematikak ongi joan zitzaizkizun?” Izan ere, gurasoetako batek arazoak izan bazituen, ikusi ahalko genuke esperientzia txar hori hor geratu dela eta semeak edo alabak bat egiten duela horrekin. Batzuetan zailtasunak izaten ditugu gurasoek hori ulertzeko: seme-alabek gurasook dakargun istorioen irakurketa sakona egiten dutela. Istorio horiek ez baditugu azaleratzen, arazoak eragiten dituen lotura bat sortzen da. Eta horrek gatazka bat eragingo du, gurasoek joera izango dutelako esateko “noski, izan ere, eskolak ez du behar bezain ongi egiten”. Edo irakasleen iritziz gurasoek behar bezain ongi ez dutela egiten uste badute, esango dute: “Noski, familia honekin, nola funtzionatuko du, bada?”. Horregatik esan gabeko esan horiek elkarrizketa batean agertu behar dira, eta horretan irakasleok dugu erantzukizuna, irakasleok esperientzia handiagoa dugulako, formazio zabalago bat daukagulako, eta horretarako ordaintzen digutelako. Biren arteko dinamika batean, irtenbide bat aurkitu behar bada, bateren batek lehen urratsa egin behar du, eta, gauden testuinguruan egonda, irakasleok eman behar dugu lehen pauso hori konfiantza hori sortzeko, aurreiritzirik ez izateko; familiak dakartena, zerbait pertsonal gisa hartu beharrean, korapilatsu egin den errealitate hori eraldatzeko aukeratzat hartzeko. 

ETA ZEINTZUK DIRA EMAN BEHARREKO PAUSOAK BIEN ARTEKO HARREMANAK EMANKORRAK ETA OSASUNTSUAK IZAN DAITEZEN?

Batzuetan, irakasle kide zenbaiti, guraso batzuekin lehenbiziko aldiz bildu direnean, galdera hau egiten entzun diet: “Zer da behar duzuena?”. Normalean, ordea, familia bat gerturatzen zaigunean eskolak nola funtzionatzen duen azaltzen diegu, hau da, nola lan egiten dugun esaten diegu, eta baita nolakoak diren haurrak. Baina benetan galdetu beharrekoa da “nola ikusten duzue zuen seme-alaba?” eta “Zer da behar duzuena?” Eta azaldu behar da zer egiten duten eta eskolak zer eskaini diezaiekeen, eskolak ere horren beharra duelako. Beharren gaineko elkarrizketa bat da, egoerak garatu daitezen beharrezko espazioak sortzeko. Bestela, ataskatu egingo dira, eta ataskatzen dena zirkulu itxi bihurtzen da, gurpil zoro, gero eta konplexuago bihurtzen da gero eta handiagoa den elur bola bat bezala. Eta une bat iritsiko da nola hasi zen ere oroituko ez duzuna. Horregatik behar da gardentasuna, komunikazio esparruak sortzea, batzuetan formalak eta beste batzuetan ez hain formalak. Eskolak espazio publikoago bat izan beharko luke, zirkulazio jarioago batekin. Eskola baten barrualdea eta kanpoaldea ixten duen ate edo horma baten ideia erauzi egin beharko litzateke.