Urkullu lehendakariak harrera egin dio Ibilaldiari

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk harrera egin dio gaur goizean Ibilaldiari, Lehendakaritzan. Lehendakariarekin batera, Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek ere parte hartu du harreran. Ibilaldiaren izenean, berriz, Azkue ikastolako lehendakaria eta zuzendaria, Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañales, ikastolen jaietako koordinatzaile Joseba Aginagalde eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu joan dira Lehendakaritzara. Ikastolen ordezkariek Lekeitioko Azkue ikastolak igande honetarako antolatu duen Bizkaiko ikastolen jaiaren xehetasunak eman dizkiete lehendakariari eta Hezkuntza sailburuari, eta bertaratzeko gonbitea ere egin diete.

Joan den astean, berriz, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak egin zion harrera Ibilaldiari, Bizkaiko Foru Aldundian. Ahaldun nagusiarekin batera, Kultura diputatu Lorea Bilbaok ere hartu zuen parte harreran. Hauek ere igandean Lekeitiora joateko gonbitea jaso dute.