Ibilaldia Eguraldia lagun ez, baina jaia egin da

Egitaraua eta kokalekuak aldatuta, baina eguraldi txarrak ez du eragotzi aurtengo Ibilaldia ospatzea. Antolaketa lanak biderkatuta, prestatuta zeuden lau guneetatik bi itxi egin behar izan dituzte, eta han aurreikusitako hainbat ekitaldi beste bi guneetara eraman dituzte. Espero baino jende gutxiago hurbildu da, gaur, Lekeitiora, baina bertaratu direnek jaiaz disfrutatu ahal izan dute.

Azkue ikastolari laguntzera hurbildu nahi, baina eguraldi txarraren ondorioz azkenean joan ez direnei, laguntza  hori emateko aukera ireki diete antolatzaileek. Bi kontu korronte zenbaki egin dituzte publiko: LABORAL KUTXA ES83 3035 0042 92 0420028507 / KUTXABANK ES86 2095 0114 60 9117934827

Hamarretan eman diote hasiera Bizkaiko ikastolen festari. Aurtengoan, Azkue ikastolak hartu du bere gain Ibilaldiaren 40. edizioaren antolakuntza, eta ilusio handia bazuten ere, eguraldiak zapuztu egin die hein handi batean jaia. Urte osoan egindako lanaren, dena den, hor dago, eta egunak berak esperotakoa eman ez duen arren, urte osoko emaitza hor dago: hainbat ekitaldi eta ekimen eraman dituzte aurrera, eta ikastolaren proiektu berritzaileak zabaldu dituzte Lekeitiotik “haratzago”.

Hezkuntza sistemaren erronkak

Hasiera ekitaldian, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk hezkuntza sistemaren bi erronka nagusi aipatu ditu: ikasleen euskararen ezagutza eta kalitateak behera egin dutela da bata, eta, bestea, berriz, gero eta ikasle gehiago iristen ari direla gure ikastetxeetara, eta horiek modu desorekatuan bideratzen ari direla sareetara eta sare barruko ikastetxeetara.

“Bi faktoreok arriskutsuak dira euskalduntze prozesuak aurrera egin dezan, eta neurririk hartu ezean urteetan atzera egin genezake”, ohartarazi du.” Bigarrengoari dagokionean, gainera, gizarte segregazio arriskua dugu eta baita hizkuntza segregazio arriskua ere”, gaineratu du. “Baina, argi gera bedi, Ikastolok ez ditugu mehatxutzat faktoreok; erronka gisa hartzen ditugu. Bi gai hauek herri apustu bat dira. Euskal Herri euskalduna nahi dugu, eta kanpotik datozenak gure herrian txertatu nahi ditugu, inklusioaren bitartez. Ikastolok argi dugu ikasle etorri berriak gurean integratuko badira euskaratik eta euskal kulturatik integratuko direla. Hori da gure apustua”, azpimarratu du Tellituk.

Ikastolen Elkarteko lehendakariaren arabera, bi erronka horietarako ezinbestekoak dira baliabide gehiago edukitzea, “erronken araberako baliabideak, alegia”, bata zein bestea, ikastolen irudiko “herri apustu baitira”. “Erronka hauei aurre egiteko behar diren neurriei estaldura juridiko-politikoa emango dien akordio bat, Hezkuntza Akordioa, ere beharrezkoa dugu. Eta akordio hori garatzeko beharrezkoa da Hezkuntza Lege berri bat”.

Kooperatibismoa omenduta

Ibilaldiko egitarauaren barruan kooperatibismoarekin lotutako ekitaldia egin da Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Aretoa gainezka, oroigarri bana eman zaie Ibilaldiaren izenean, Javier Goienetxe Erkide kooperatiben lehendakariari, eta eskualdeko eta herriko kooperatiba banari.

Heldu den urtean, berriz, Elorrion ospatuko da Bizkaiko ikastolen jai handia, Txintxirri ikastolak jaso baitu 2020ko Ibilaldia antolatzeko eginkizuna.