“Sare Sozialak onak dira, ongi erabiltzen badira”

Sare sozialetan arduraz, segurtasunez eta burutsu aritzeko ikastaro bat jaso dute azken bi hilabeteotan Bergarako Aranzadi eta Villabonako Zubimusu ikastoletako LH 6ko ikasleek, eta ikastaroaren amaiera gisa, Ikastolen Etxean batu dira, egin duten lanketa aurkeztu eta aurrera begirako kontuez aritzeko. Ikastaro hau #IzanDig egitasmoan kokatzen da.

IkaDig, Ikastolen Digitalizazio planaren barruan Segurtasun Digitala esparruari erantzun asmoz martxan jarri den egitasmoa da #IzanDig. Aurten lau ikastolekin esperimentazioa egin da, eta gaurko saioan ikasleekin Topaketa egin da Ikastolen Elkartean.

Ikasleek lan batzuk egin dituzte ikastaroan zehar, eta horiek elkarri erakusteko baliatu dute gaurko saioa. Batzuek test batzuk egin dituzte, Kahoot bidez lantzeko. Beste batzuek sare sozialak ongi erabiltzeko eta arriskuez ohartarazteko kartelak landu dituzte, besteek bideoak egin dituzte. Pribatutasuna, baimenik gabeko argazkiak, sareetako ezezagunak, like edo atsegite botoien erabilpena, errealitatearen eta sare sozialetan agertzen denaren arteko desberdintasuna… gai ugari jorratu dituzte lan aurkezpen horietan.

Amaitzeko, eta ikastaroa jaso eta egin dituzten lanen ondoren “aditu” ere badirenez, aholku batzuk proposatu dituzte irakasleentzako eta gurasoentzako, eta eurek ere konpromiso batzuk hartu dituzte aurrerantzean sare sozialak erabiltzeko orduan betetzeko asmoz.

Ikasleak gustura aritu dira Ikastolen Etxean, eta mezu argi batekin irten dira: sare sozialak onak dira, ongi erabiltzen badira

.

Datorren ikasturtean hedatzeko asmoz

Lau ikastola aritu dira #IzanDig egitasmoaren esperimentazio fasean, baina heldu den urtean ikastola gehiagotara hedatuko da. Pilotaje honetan bi hilabete eskas eman badute ere, heldu den ikasturtetik aurrera, #IzanDig egitasmoa hiru hilabeteko lanketa izatea aurreikusi da.

Aranzadi eta Zubimusu ikastoletako ikasleak Ikastolen Etxera hubildu direla aprobetxatuta, aukera izan dute ere eurek ikasgeletan erabiltzen dituzten ikas materialen sortzaileak ezagutzeko. Hori ere bazen gaurko saioa Ikastolen Etxean egiteko helburuetako bat; sortzaileak eta erabiltzaileak elkar ezagutzea.