Semente eskoletako ordezkariak bisitan, Ikastolen Etxean

Marta Santos eta Santi Quiroga, Galiziako Semente eskoletako ordezkariak, bisitan izan ditugu, eguerdian, Ikastolen Etxean. Ikastola mugimenduaren egoitza nagusia ezagutu nahiz zuten, eta bereziki ikastolen murgiltze ereduari buruzko xehetasunak jakin nahi zituzten. Biak Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritzako kideekin ere elkartu dira. Quirogak eta Santosek Durangoko Kurutziaga eta Lekeitioko Azkue ikastolak ere bisitatu dituzte, eta bertako ordezkariekin ere bilduta egon dira.

Heldu den astelehenean Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako jardunaldietan parte hartu behar dutela aprobetxatuta, egun batzuk lehenago etorri dira Santi Quiroga eta Marta Santos, galegozko murgiltze ereduko eskoletako ordezkariak. “Ikastolak eta Kooperatibismoa (I.Topaketa): publikotasun berri baten bila: komunitatea eta demokrazia parte-hartzailea”, dute goiburu jardunaldiok, eta Eibarren egingo dira, Markeskua Jauregian, uztailaren 8an, goizeko 9:00etan hasita.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk oroigarri bat oparitu die bisitariei, hain zuzen ere, iragan maiatzaren 17an Ikastolen Elkarteak eta Sementek Santiagon (Galizia) sinatu zuten lankidetza akordioa islatzen duen lamina bat.

Murgiltze eredua sustatu eta hezkuntza proiektu herrikoi, autogestionatu, irabazi asmorik gabeko eta hezkuntza tradizionalaren alternatiboak bultzatu, sendotu eta aldarrikatzeko helburuak ditu Ikastolen Elkarteak eta Semente, Escolas de Ensino Galego eskolek maiatzean izenpetutako akordioak.

Akordioaren bitartez, ikaskuntza eta hobekuntza ekintza bateratuak ere egin nahi dira, bakoitzaren esperientzia pedagogikoen elkartrukearen, gogoetaren eta kontrastearen bitartez, eta hezkuntza materialak elkar-trukatzea ere adostu zuten.

2011ko azaroaren 2an, Santiagon ireki zen lehen Semente eskola,  bi eta sei urte bitarteko umeentzako eskola bat, osorik Galegoz. Egun, Santiagon Haur Hezkuntzako bi Semente eskola daude, eta Lehen Hezkuntzako bat. Trasancosen ere ireki zuten beste eskola bat Haur Hezkuntzarako, eta egun Lehen Hezkuntza ere ematen hasi dira. Vigon eta Lugon ere eskola bana dute, eta Coruñan, Pontevedran eta Amesen aurki irekiko dituzte beste bana.

 ‘Hazia’ esan nahi du ‘semente’ hitzak, galegoz, eta horixe dira eskola hauek; Galizian murgiltze eredua hedatuko duen hezkuntza eredu propio baten lehen haziak. Herritarren ekimenez sortuak, autogestioan oinarrituak, eta pedagogia berri eta berritzailea duten eskolak dira.

Mende honetan galego hiztunen beherakada nabarmena izan da. Egoera horri aurre egiteko, bildu eta galegoa berreskuratzeko eta Galiziako kulturaren transmisioa ondorengo belaunaldientzat ziurtatzeko sortu dira Sementeak, ‘Escolas de Ensino Galego’.

Semente eskoletan galegoa da komunikazio-hizkuntza, umeen auto-estimu linguistikoa indartzea bilatzen dute, eta Curriculum nazional galego bat osatu nahi dute.