‘Euskara indarberritzen jarraitzeko bide berriak’

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatuta, ‘Euskara indarberritzen jarraitzeko bide berriak’ lelopean mintegia egin zen atzo. Ikastolen Elkarteak ere hartu zuen parte mintegi horretan, Koldo Tellitu lehendakariaren eskutik. Hemen duzue Tellituk egindako hitzaldia.

 

“Euskara indarberritzen jarraitzeko bide berriak” da jardunaldi hauen izenburua… egia esanda, hezkuntzan, euskara indarberritzeaz baino atzera ez egiteko estrategiez berba egin beharko genuke. Bi faktore oso arriskutsuak ditugu euskalduntze prozesuak hezkuntzan aurrera egin dezan:

1: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleen euskara ezagutza eta kalitate mailek behera egin dute. Kezkagarria da, zeharo, kanpo ebaluazioen emaitzek erakutsi diguten argazkia. Gero eta ikasle gehiago D ereduan matrikulatuta egoteak ez duelako, inondik ere, haien euskara mailaren gutxieneko garapena ziurtatzen.

Hezkuntza Akordioak biltzen du ikasleek, Lehen Hezkuntza amaitzerakoan, gutxienez euskaran B1 maila lortu behar dutela, eta B2 maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan. Ados gaude. Helburu hauek lortzeko beharrezkoa da neurriak hartzea. Ezinbestekoa da hizkuntz ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan euskaldun eleanitzak bermatuko dituen ikasteredu orokorra ezartzea, hau da, murgiltze eredua ezartzea, ikasle guztiek gutxienez aipatutako euskarazko gaitasun mailak lortzeko, ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntzaren amaierara baldintza berdinetan heltzeko, abiapuntua/bizilekua edozein dela ere. Azken hau bermatzeko egoera makurragoa duten eremu soziolinguistikoetan baliabide berezituak jarri beharko dira.

Zalantzarik gabe, murgiltze eredua orokortzeak bakarrik ez du lortuko belaunaldi berriek hizkuntza gaitasun egokia izatea. Aitzitik, beste hainbat neurri ipini behar dira indarrean…

  1. Administrazioak behar diren baliabideak bermatu behar dizkie ikastetxe guztiei.
  2. Ebaluazio sendo bat behar da, alde betetik, gure ikasleen euskara maila derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan zein den jakiteko, eta, bestetik, tarteko ebaluazioak emaitzak hobetzeko. Gainera, jarritako helburuak lortzeko hartzen diren neurrien jarraipenerako sistema eraginkorra behar da.
  3. Ikastetxeko hizkuntza proiektuari zentralitatea eman. Bertan hezkuntza-komunitatearen harremanak zein ikaskuntza-prozesua arautzen dira, hizkuntza bakoitzak eskola barruan izango duen funtzioa eta hartuko dituen eremuak definituz.

Jakina, ikasleen euskararen erabilera eta kalitate mailaren beherakadan hezkuntza sistema ez da erantzule bakarra. Euskarazko kultur erreferentziek behera egin dute gero eta mundu konektatuago honetan, kultur erakundeek duela hilabete askotatik hona ohartarazten ari diren gisan.

2: Bestetik, gero eta haur gehiago ari dira iristen gure ikastetxeetara matrikulazio garaitik kanpo, atzerritar jatorrikoak dira ia denak: aurreko ikasturtean 4.250 ikasle izan ziren; ikasturte honetan 8.000. Ez dakite euskaraz hitz egiten eta, gainera, beraien familia askok hizkuntza eta kultura hegemonikoen eredura jotzen dute eta eskola batzordeek, nabarmenki Araban, kasu askotan bideratu dituzte A eta B ereduetara.

Bi faktoreok arriskutsuak dira euskalduntze prozesuak aurrera egin dezan, eta neurririk hartu ezean urteetan atzera egin genezake. Bigarrengoari dagokionean, gainera, gizarte segregazio arriskua dugu eta baita hizkuntza segregazio arriskua ere.  Ezin dugu ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleek gizarteratzeko eginbidean, hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela; beraz segregazioei aurre egiteko hizkuntza ereduak gainditu behar dira.

Baina, argi gera bedi, Ikastolok ez ditugu mehatxutzat faktoreok; erronka gisa hartzen ditugu. Bi gai hauek herri apustu bat dira. Euskal Herri euskalduna nahi dugu, eta kanpotik datozenak gure herrian txertatu nahi ditugu, inklusioaren bitartez. Ikastolok argi dugu ikasle etorri berriak gurean integratuko badira euskaratik eta euskal kulturatik integratuko direla. Hori da gure apustua.

Lehen esan bezala, horretarako ezinbestekoa dugu baliabide gehiago edukitzea, erronken araberako baliabideak edukitzea gure hezkuntza sistemak,  bata zein bestea herri apustu baitira eta biek eskatzen baitute esfortzu berezi bat irakasleen aldetik. Erronka hauei aurre egiteko behar diren neurriei estaldura juridiko-politikoa emango dien akordio bat, Hezkuntza Akordioa, ere beharrezkoa dugu. Baita akordio hori garatzeko beharrezkoa den Hezkuntza Lege berri bat ere.