Euskaltzaindia Tuterako Argia Ikastolan

Euskaltzaindia izan dugu ikastolan!
Urte andana dira Euskaltzaindiak ikastoloi babesa ematen digula. Babes hori hauspoa ere bada, bereziki "zona no vascofona" izendatua den eremuaz mintzo garenean. Zer esanik ez, Tutera mugako Argia Ikastolari emandakoa!! Ordainetan Eskerrik asko handi-handiarekin, 100 urteurrenagatik "Zorionak zuri, Euskaltzaindia" eta bixkotxa batekin agurtu ditugu lurralde guztitatik iritsitako euskaltzainak, Zuzendaritza taldea hain zuzen. Beterri Peñan bazkaldu dute etxera itzuli aurretik, ikastolako hiru guraso ohik diren Iñakik, Kontxik eta Eduardok egindako otordu goxoa. Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Elena Zabaleta eta zuzendaria, Josu Reparaz lagun izan dituzte. 

Argia Ikastolako lehendakaria, Maru Eriz eta zuzendaria, Argiñe Kortak  beso zabalik hartu dituzte ikastolan. Euskaltzaindiako kideek ikastolan bertan ikasle batzurekin egoteko aukera izan dute, Euskaltzaindiaz mintzatzeko, Akademia ikasleengana hurbiltzeko; ikasle horiekin solasean aritzeaz gain, ikasleek egindako galderei erantzunez, zalantzak argitu dizkiete. Bisita eta lan-saioa eskertzeko, Argia Ikastolako ikasleek Nafarroa Oinezeko zapi bat eman diete opari, bordatuta eta marko batean ipinita. Izan ere, urteroko bisita Nafarroa Oinezen markoan egiten baita. 

Dekanotza Jauregian izan du segida, non Euskaltzaindiako zuzendaritza bileran elkartu den. Irtendakoan senidetasun-bazkaria izan dute Beterri Peñan. Egunari amaiera emateko, San Nikolas elizan bisita gidatua izan dute, Argia Ikastolako ikasle ohi eta artearen historian graduatua den Mikel Martinezen eskutik, hartara, azken aurkikuntza arkeologikoak ezagutu ahal izan dituzte. Eta ez dira gutxi!

Argia Ikastola buru-belarri ari da prestaketa lanetan aurtengo Oineza arrakastatsua izan dadin; ehunka pertsonak parte hartuko duen auzolan handia izango da, duela ia 35 urte guraso talde batek martxan jarri zuen hezkuntza proiektua, ikastola, bizirik mantentzeko helburuarekin!!

Biba Euskaltzaindia eta Argia Ikastola, bizi luze-luzea opa dizuegu biei!!