Ikastolen Elkarteak eta Goiener kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Ikastolen Elkarteak eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute, gaur, Donostian, Ikastolen Etxean. Beronen bitartez, ikastolek kontsumitzen duten energia elektrikoa %100 berriztagarria izan dadin nahi da, eta era berean, kontsumo arrazional eta eraginkorrena izan dadin lortzea. Hitzarmena Koldo Tellituk eta Maria Arretxek izenpetu dute, Ikastolen Elkartearen eta Goiener kooperatibaren izenean.

“Kooperatibagintzan sinesten dugu, ekintzailetza kooperatiboan, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetze moduan eta lan egiteko eran”, azaldu du Tellituk, hitzarmena izenpetzeko orduan. “Elkarlanean sinesten dugu, ikastolen artekoan bezala, gizarteko beste hainbat arlotan ere bai”. Adierazi duenez, ikastolak kontziente dira beren inpaktuaz, beren eraginaz, herri mailan bezala eremu zabalagoetan ere, har dizaketen erabakietan.

Horrelako erabaki bat da Goiener kooperatibarekin egin duten hitzarmena. Beronen bitartez, Ikastolen Elkartetik, ikastolak bultzatuko dituzte kontsumitzen duten energia %100 berriztagarria izan dadin, eta ahal dela, energia hori ekoizteko bideak ireki ditzaten. Dagoeneko Hegoaldeko hainbat ikastolak ere egin dute hitzarmena Goinerrekin, hamaseik, zehazki; beste batzuek azterketa egiteko eskatu diote, eta beste batzuk ere interesatu dira egitasmo honetaz. Ikastolen Etxean bertan ere ari dira azterketa egiten Goienerrekin. Iparraldean, berriz, Enargia kooperatibarekin ari dira energiaren gaineko lankidetza hau egiten.

Ingurumenaren aldeko keinua

Zergatik erabaki hau? “Ingurumenaren aldeko keinu esanguratsu bat delako”, azaldu du Tellituk. “Hezkuntza eraldatzen ari garela diogu ikastolok, baina hezkuntza eraldatzen, zertarako? Gizartea ere eraldatzeko. Larrialdi ekologikoko garai hauetan, ezinbestekoa da ingurumenaren aldeko ekimenak biderkatzea, eta gure apustua da ekimen horietan parte hartzea”, gaineratu du.

Zergatik Goienerrekin? “Goiener kooperatiba bat delako. Ez du ibilbide luzea, 2012an sortu baitzen, baina zazpi urteotan erakutsi digu eraldaketa horretan eragile dela, eta eraginkorra, hamar mila bazkidetik gora ditu eta”, esan du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta hau gaineratu du: “Ingurumenaren aldeko apustua egin duelako ere bai, argi indarraren ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena bultzatzen duelako, subiranotasun energetikoa berreskuratzeko helburua duelako, energia kontsumotik sorkuntzarako jauzia ere egin duelako…”

Hitzarmen honen bitartez, lehen adierazi bezala, ikastolak bultzatuko dituzte energia berriztagarrien aldeko hautua egitera eta energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa lortzeko bideak urratzera. Baina Ikastolen Elkarteak ez du nahi ikastoletan bakarrik geratu. Aitzitik, ikastolako komunitateko kideak, familiak eta irakasle eta langile taldeak ere animatu nahi ditu ingurumenaren aldeko apustu hau egitera.