URREZKO “A” Saria  Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolari

URREZKO “A” Saria Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolari
Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak eman ditu Europako Jauregian, Gasteizen.
25 Euskal Erakunde izan dira sarituak. Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola izan da aurten Hezkuntza mundutik Urrezko A saria jaso duen ikastetxe bakarra.

Sariak  Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburuak, Nekane Murga, Osasun sailburuak, Josu Erkoreka, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak, Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburuak, eta Estíbaliz Hernáez, Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuordeak eman dizkiote, EUSKALITen Presidentearekin, José Hernándezekin batera. Iñigo Urkullu Lehendakariak itxi du ekitaldia. 

Ana Monge, Lanbide Ikastolako zuzendariak bi hitz aipatu ditu saria jasotakoan: “Urte asko daramagu prozesuarekin lanean, luzea eta gogorra izan den arren, aitortu behar dugu, ibilbide osoa egin ondoren, merezi duelakoan gaude. Zergatik? Izugarri ikasi dugulako eta txertatutako sistema integrala sendo bihurtu delako gure ikastolan. Pertsonek kudeatu dugu guztia, elkarrekin bat eginda aritu gara, lan egiteko norabide berean inplikatuta.
Sariak bi gauza ekarri dizkigu: batetik, indarra aurrera segitzeko; eta bestetik, ilusioa gure artean partekatzeko. Zuzendari bezala oso harro sentitzen naiz nire erakundeko pertsonek duten inplikazioa eta gaitasun mailagatik.
Milesker prozesu honetan parte hartzeko aukera emanagatik. Eskerrik asko Ebaluatzaile taldeari, duen profesionaltasunagatik. Eta, eskerrik berezienak eta merezienak, Tolosako Lanbide Ikastolako langile guzti-guztiei!”

Zorionak bihotzez lan-talde osoari, bikaina baita lortu duzuena!