Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari begira

Emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabatekoa eta berdintasunezkoa izatea lortzeko, Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izendatzea erabaki zuen 2016an.

2020an aukera daukagu, erakunde asko ari diren ildotik bultzadak batuz, ikastoletatik honako gaiari indarra emateko: emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze erabatekoa eta berdintasunezkoa izatea. Horregatik, Ikastoletan aurten egiteko moduko ideien proposamena luzatu du Ikastolen Elkarteak.

Gainera, egun hau ospatzeko, mundu mailako ekimen honekin bat egin dute CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa CFM (UPV/EHU-CSIC), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieros, Ceit, POLYMAT eta Elhuyarrek, eta indarrak batuta, publiko guztiei zuzendutako jardueren programa oso bat aurkeztu dute, bihar bertan hasiko dena.

Helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Hori dela eta, luzatu du Ikastolen Elkarteak Ikastoletan aurten egiteko moduko ideien proposamena. Horrekin batera, Emakumeak Zientzian 2020ko otsailak 7 eta 14 bitarteko programa honetako jardueraren batean  izena ematera ere animatu ditu ikastolak, eta, ahal den neurrian, Unibertsitate edo Ikerketa-Zentroek antolatutako hitzaldiren batera joan daitezen ikasleak ere animatzea eta laguntzea proposatu die.