Bost ikastolak autokontsumoaren aldeko apustua egin dute Goiener Taldearen eskutik

Armentia (Gasteiz), Argia (Tutera), Laskorain (Tolosa), Andra Mari (Etxarri-Aranatz) eta Eleizalde (Bermeo) ikastolek Goiener Taldearen eskuetan jarri dute beren autokontsumoko proiektuak abian jartzeko ardura. Kooperatiben arteko ekimen honen helburua da energia sortzea modu lokal eta banatuan, ardatz nagusia herritarren partaidetza delarik.

Ikastola h auek autokontsumoaz baliatuz euren argindarraren faktura murrizteko aukera izango dute, eta, aldi berean, programa pedagogiko bat garatuko da ikasleak, familiak eta irakasleak energiaren, iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren inguruan hezteko.

Lehendik ere energia % 100 berriztagarria merkaturatu eta sortzen duen Goiener Taldea izango da proiektu hau aurrera ateratzeko eta finantzatzeko arduraduna. Helburua lortzeko, ekarpen leiho berri bat zabaldu dute 400.000 euro inguru biltzeko asmoz. Parte hartzea irekia izango da bazkide guztientzako eta eredu energetikoa aldatu nahi dutenentzako.

Instalazio guztiak fotovoltaikoak izango dira eta sarera konektaturik egongo dira soberakinei probetxua ateratzeko. Guztira 1800 metro koadroko azalera hartuko dute, urtean 410 MWh inguru sortuz, gutxi gorabehera 160 etxeren behar energetikoa asetzeko adina.

Sare elektrikoan energia %100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain, CO2, NOx eta SOx isurketak murriztuko dira eta argindarraren garraioan eman ohi diren galerak ere bai. Ondorioz, ia 4.000 zuhaitzek urtean xurgatzen duten adina CO2 igortzea ekidingo da.

Ikastolak ilusioz beteta daude, eta espero dute beren proiektuek ikastola gehiago bultzatuko dituztela eredu berari jarraitzera, aberasgarritzat jotzen baitute beren ingururako, gizarterako eta ingurumenerako.

Goiener ere baikor agertu da «gure helburu eta balioekin guztiz bat datorren proiektua" delako. Ziur daude oso harrera ona izango duela eta laster jarriko dela martxan.