Japoniatik etorri dira ikastolen eredu pedagogikoa ezagutzera

Japoniako Hezkuntza Ministerioaren babespean ordezkaritza baten bisita izan dugu egunotan ikastoletan. Aurreko egunetan Lazkaoko San Benitora, Bergarako Aranzadira eta Donostiako Axular, Santo Tomas eta Zurriolara joan dira, gure eredu pedagogikoaren programak ezagutzeaz gainera, horiek ikasgeletan nola aplikatzen diren bertatik bertara ikusi nahi baitzuten, eta harrituta geratu dira ikusi duten emaitzarekin.

Gaur arratsean, berriz, Ikastolen Etxea bisitatu du Japoniako ordezkaritzak. Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako EKI proiektua eta Haur Hezkuntzatik eleaniztasuna bultzatzeko erabiltzen dugun Eleanitz programa dira, hain zuzen ere, Euskal Herria eta gure ikastola bisitatzera ekarri dituztenak. Haien berri zehatz esplikatu diete bai irakasleek eta baita EHIko zuzendaritzako eta pedagogiako arduradunek ere.

Japoniako ordezkaritza hori hango Hezkuntza Ministerioak Europara bidalitako begirale eta adituek osatzen dute. Kontinente Zaharrean hezkuntza alorrean ematen ari diren berrikuntzak ezagutu eta, haiek ikasiz, eredugarri izan daitezkeenak Japonian aplikatzeko xedearekin etorri dira.