XXI. Jardunaldi Pedagogikoak: martxoaren 10a

Ezagutzaren batasunaren aldeko aldarria

Ikastolen XXI. Jardunaldi Pedagogikoen atariko hitzaldia eskaini zuen atzo Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko irakasleak –EHUko Fisiologiako katedraduna eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna da-. Argien Mende berria zuen goiburutzat hitzaldiak, eta ordubeteko saioan, natur zientzien eta gizarte zientzien artean zubiak eraiki beharraz jardun zuen hizlariak.

Argien Mendeko ezagutzaren ideiaren defentsa egin zuen Perez Iglesiasek; garai haren miresle dela aitortu zuen, batetik, askatasuna eta berdintasuna bezalako balioak ezarri zirelako garai hartan, eta, bestetik, ezagutza bakarra zelako, natur zientziak eta gizarte zientziak bereizi gabe. Ezagutzaren batasunaren aldeko aldarria izan zen, beraz, berea, eta XXI. mendearen hasiera honetatik abiatuta, Xarma Jonikoa ere deitu izan denaren aroa berpizteko aukera badagoela azaldu zuen.

Erromantizismotik ia gaur egun arte kultura zientifikoaren eta humanistaren artean egon den arrakala artifiziala izan dela esplikatu zuen, eta amildegi artifizial horrek bi kulturei egin diela kalte, batak bestearengandik jaso zitzakeen eragina eta ekarpenak alferrik galtzen utzi direlako.

Gaur egun, ordea, berriro ezagutzaren batasunaren aldeko joera pizten hasi dela-eta, itxaropena agertu zuen Perez Iglesiasek, Argien Mende berri baten atarian egon gaitezkeelako. Hainbat aditu, ezagutza zehatzetik alorrak hedatzeko beharrak edo grinak bultzatuta, bi kulturen arteko zubiak eraikitzen hasi dira, eta gisa horretan, kultura zientifikoak humanistari ekarpenak egiten hasi zaizkio, eta komunikazio hori aldebikoa denez, baita kultura humanistak zientifikoari ere.

Zubi horien laginak azaldu zituen Perez Iglesiasek bere hitzaldian. Hala, zubi horietako bat hizkuntzen ikerketan kokatu zuen, hizkuntzalaritzan ikerketa neurozientifikoak erabiltzen hasi baitira, adibidez hizkuntzaren gogo-prozesamenduaren azterketarako. Era berean, erlijioari dagokionez, sinesmenak gizakioi dakarzkigun onurak aztertu dituzte giza eboluzioan aditu diren zenbaitzuek, eta sinesmenetarako neurona-zirkuitu bereziak ote ditugun ere baloratu dute beste zenbaitek. Etikaren kasuan, aipatu zuen biologia molekularrak batetik, eta garunaren anatomia irudikatzeko garatu diren teknikek bestetik, ekarpen garrantzitsua egin diotela erabaki moralen oinarrien ezagutzari. Adibide gehiago jarri zituen, dela ekonomia jokabideetan, dela letra eta arteetan eta kulturan, eraikitzen ari diren zubi horiek azaltzeko.

Bere azalpenen helburua izan zen ikusaraztea giza eta natur zientzien arteko zubiak edo harremanak gero eta ugariagoak eta gero eta indartsuagoak direla. “Segur aski luzea izango den bide baten hasieran baino ez gaude, baina garrantzi handikoa da hau guztia”, azaldu zuen. Beraz, Perez Iglesiasentzat, giza zientzietan natur zientzien metodologia gero eta gehiago erabiltzen bada, hau da, natur zientzietan giza zientzientzat garrantzitsuak diren gaiak aztertzen hasten badira, estutuz joango da bi kulturen arteko arrakala eta, azkenean, errealitate bihurtuko da Argien Mendearen amets intelektuala.

Informazio gehiago: Juan Ignacio Perez Iglesias-en artikulua, hitzaldiaren laburpena