XXI. Jardunaldi Pedagogikoak: martxoaren 12a

Irakasleen prestakuntzaren garrantzia azpimarratu du Tellituk

Gaur hasi dira XXI. Jardunaldi Pedagogikoak. EHIko lehendakari Koldo Tellituk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxeak egin dute irekiera ofiziala. Hezkuntza paradigma aldaketaren garaiotan irakasleen prestakuntza gakoa dela eta EHIk apustu sendoa egin duela azpimarratu du Tellituk, bere hitzaldian. Finantzaketa iturriak urritu diren garaiak izan arren, prestakuntzarik gabe hezkuntza berritzea, paradigma aldatzea, ezinezkoa izango dela esan du, eta garai zailak diren arren ikastolek ez dutela helburu horretan etsiko.

Garai zailak izan arren, EAE mailan hezkuntza berritzeko Heziberri 2020 egitasmoa martxan dela gogorarazi du EHIko lehendakariak, eta bide horretan ikastolek gogotsu lagunduko duela. Horregatik ulergaitz iritzi dio Eusko Jaurlaritzak une honetan prestakuntzan edo Haur Hezkuntzako 0-3 etapan iragarritako murrizketak. Hori dela eta, eta Hezkuntza sailburuordearen presentzia aprobetxatuz, jarrera horiek egokitzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Aurrekoetxeak Tellituren eskaerari eutsi dio, eta hitz eman du egokitzapen horiek egiten ahaleginduko direla. Hezkuntza sailburuordeak ere prestakuntzari garrantzi handia eman dio, eta alor horretan Jaurlaritzaren apustua ere sendoa dela azpimarratu du.

Koldo Tellituren hitz-hartzea

Neus Sanmarti

Galdera onak egin eta erantzuteak dakarten aldaketa

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Kimika Zientzien doktorea da Neus Sanmarti, eta pedagogian ere eskarmentu handikoa. "Zer zientzia irakatsi gaur egun eta zertarako?" izan da bere hitzaldiaren goiburua, eta hainbat galdera planteatu ditu hitzaldiaren hasieran: Zein da egun eskoletan ikasi beharreko zientzia? Informazioa transmititzea garrantzitsua da Internet aroan? Edukiak memorizatu beharrik ez dagoela deritzo Sanmartik. Egun kanpo memoriak ere baditugula aintzat hartuta (Internet) zaharkituta geratu da dena memorizatu behar hori: “Gauza desberdinak dira edukiak memorizatzea eta jakintza”, zehaztu du.

Zientzien ikasketen edukiak eta curriculuma, beraz, aldatu beharreko gaitzat jo ditu. Baina nondik abiatu? Proposamen berriek, desberdinak izan arren, abiapunt bera dutela argitu du: egoera erreal eta jakin batzuetan lan egitetik abiatzen dira denak.

Zientziaren ezaguerak erabakiak hartzeko balio izan behar digula defenditu du. Beraz, aztertzea benetako eskola-jarduera zientifikoa izango bada, sustatu egin behar du pentsatzearen, egitearen eta komunikatzearen arteko erlazioa. ikasleengan ezagutzeko gaitasuna sustatzen duten ikasgelako jarduerak erabili behar direla azaldu du, baina ohartarazi du irakasten dutenak aztertzaileak ez badira, zaila izango dela ikasleak aztertzaileak izatea.

Alde horretatik irakaskuntzak multidiziplinarra izan behar duela dio; hori gakoa dela. Aldaketa handia suposatzen duela aitortu du, eta noski, hori ez dela bide erraza, zaila baita urteetako ohitura egonkorrak aldatzea. Errutinak eta testu-liburuak jakintza iturri bakar direnaren ustea alde batera utzi behar baitira, horiek utzi egin baitiote oinarrizko baliabide izateari. “Xedeak izan behar du ezagutzaren eraikuntzan hura abiatu den puntutik harago erabiltzeko modua izatea”.

“Zientziak ikasgelan irakasteko beharrezkoa da: pentsatzea, esperimentatzea eta komunikatzea; eta horiek ebaluatu eta erregulatzeabiapuntu estrategiko bat planteatu du”, esan du. Abiapuntu estrategiko bat planteatu du: ‘galdera onak’ egitea. Haurrek egiten dituzten galdera guztien artetik ‘galdera onak’, “Internetek erantzuten ez dituenak”, erantzun behar ditu irakasleak. Aurretik, noski, ‘galdera onak’ planteatu behar ditu irakasleak, haurrak haiek imitatuz ere ikasten baitu: “Haurren ‘galdera onak’ jakintzatik eta irakasleek egindako ‘galdera onen’ ereduetatik irteten dira”.

"Zer zientzia irakatsi gaur egun eta zertarako?" - Neus Sanmartiren aritukulua

Lorea Arakistain eta Maria Gil

Zientzia hezkuntzaren erronkak, Europatik honaus Sanmarti: Galdera onak egin eta erantzuteak dakarten aldaketa

Urteotako krisiari erantzuteko orduan izan diren gabezia eta ahuleziak aztertuz Europako Batzordeak 2020rako jarritako erronken artean dago hezkuntzan eman beharreko eraldaketa. Horiek zeintzuk diren eta Euskal Herritik begiratuta nola erantzun daitezkeen azaldu dute Elhuyar Fundazioko Lorea Arakistainek eta Maria Gilek.

Hezkuntzari dagokionean Europak foku hauek ezarri ditu:

  • Ikasle guztiek eskuratu behar dituzte oinarrizko gaitasunak, alfabetatzea eta matematika barne. Horretarako, curriculuma, materiala eta ikasleen ebaluazioa modernizatu beharko da.
  • Ikasle guztien eskura jarri behar da goi-mailako irakaskuntza, etorkinak barne.
  • Haur hezkuntza zabaldu behar da, behar berezidun ikasleak lagundu eta eskola-uzte goiztiarra ekidin.
  • Irakasle, zuzendari eta irakasle formatzaileek laguntza gehiago jasoko dute, hautatzen eraginkorrago eta hezkuntza profesionalaren bitartez.

Oinarrizko-gaitasuna lehen helburua izanik, zeharkako gaitasunak, ekintzailetza bereziki, eta gaitasun bokazionalak garatzeko beharra azpimarratu da. Gainera, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloko gaitasunen beharrak, oraindik ere, altua izaten jarraitzen du. Horiek lantzeko, erakunde pribatu eta publikoen arteko lankidetza eta ikasketa ireki eta malgua bultzatuko da eta lanean oinarritutako metodologiak sustatuko dira.

Europako zientzia-hezkuntzaren estrategiaren baitan, tokiko interes taldeei ere ateak ireki dizkiete. Eta, beraz, lankidetza bultzatu nahi da tokiko hezkuntza taldeekin. Lankidetza mota horietako zenbait azaldu dituzte Arakistainek eta Gilek, jardunaldiotan eskainitako hitzaldian.

"Zientzia-hezkuntzaren erronkak: Europara hurbilpena eta tokiko ereduak", artikulua - Lorea Arakistain - Maria Gil

Santiago Fernández

Mundua matematiken bitartez azaldua

Aldaketa izugarrien eta azkarren garaian gaude. Orain gutxi arte ezinbestekoak ziren jakintza askok garrantzia txikiagoa dute orain. Mundu aldakor honetan, matematikak ulertzeko eta erabiltzeko eta egiteko gai direnek gero eta aukera gehiago izango dituzte beraien etorkizuna erabakitzeko. Etengabe sortzen eta garatzen doaz matematikak erabiltzeko eta komunikatzeko moduak, ezagutzak eta tresnak. Baina hezkuntzan ez da ikasketa modua aldatu, edo oso gutxi aldatu da matematikaren irakaskuntza. Testuinguru hori azaldu du Santiago Fernandezek.

Matematiketan oinarrizkoa denaren nozioa aldatzen ari da pixkanaka, eta edukiek, beraz, moldaketa eta aldaketa sendoak jasan behar dituela uste du Fernandezek. “Curriculum aldaketa behar da, etengabe baliabide matematikoak erabili behar diren gizartean baikaude”. Etengabe ari da hazten bizitzan eta lanean matematikak ulertzeko eta erabiltzeko gai izateko beharra.

Eta kritika hezkuntza sistemari: “Software matematikoen erabilera toki guztietan daude, eskoletan izan ezik. Normala da hori?” Herritar konpetente batek nolabaiteko pentsamendu matematikoa behar du. Gainera, prestakuntza matematiko sendoa duten gero eta pertsona gehiagoren beharra dago, Fernandezen arabera, matematikoki konpetentea izatea da: ezagutza matematikoak malgutasunez erabiltzen jakitea eta testuinguru desberdinetan haiek behar bezala aplikatzen jakitea. Orduan, nola landu konpetentzia matematikoak eskolan?

Fernandezen ustez, kontuan hartu behar dira: 1.gizarte beharrak; 2.ikasleen zenbait ezaugarri ezagutzea; 3. eduki matematiko funtzionalekin lan egitea; 4.buruketak testuinguru batean askatzea; 5.denbora gutxiago ematea algoritmoen ikasketan;. 6.IKTak modu inteligentean erabiltzea; 7 oinarrizko edukiak lantzea; eta 8:modu interdiziplinarrean lan egitea.

Fernandezen arabera, beraz, matematika berriek aintzat hartu behar dute: 1 buruketak formulatu eta askatzea; 2.egoerak kuantifikatzeko gai izatea; 3 zenbakien gainean arrazoitzea; 4 eragiketak erraz egitea, baliabide egokiak erabiliz; 5.neurrien gaineko konpetentzia edukitzea; 6 gai geometrikoetan konpetente izatea; 7 arrazonamendu proportzionala ulertzea; 8komunikatzeko sinboloak ezagutu eta erabiltzea; 9 informazioa prozesatzea, taulak eta grafikoak irakurtzea;10 buruketak modelizazio bidez askatzea; 11teknologia berriak erabiltzea; 12:…

"Mundua matematikaren bidez ulertzen" - Santiago Fernández-en artikulua