Ikastolen Puntu.eus martxan!

Mezu honen bitartez jakinarazi nahi dizuegu gaurtik aurrera Ikastolen Elkartearen eta Seaskaren webguneak ‘.eus’ direla. Urte asko, nahi baino gehiago, igaro dira egitasmoa garatzen eta behar ziren baimenak lortzen, baina, azkenean lortu dugu!
 
Aurrerantzean, www.ikastola.eus eta www.seaska.eus izango dira gure webguneen domeinuak.
 
’.eus’ domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da. ‘.eus’, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona”.
 
Zer ekarriko du, beraz, ‘.eus’ domeinuak? Zergatik da hain garrantzitsuahorrelako domeinu bat? Batetik, Interneten gure hizkuntza eta kultura ikusgarri bilakatzeko bidea delako. Bestetik, ikusgarritasun horrek eta erabilpenerako irizpideek hizkuntzaren eta kulturaren presentzia areagotzea dakartelako. Eta azkenik, kalean gure nortasunarekin identifikatzeko ikurrak erabiltzen ditugun moduan, Interneten ere euskara eta euskal kulturaren komunitatea biltzeko gaitasuna duen ikur bat dugulako.
 
‘.eus’ domeinuaren proiektua 2007an hasi zen lehen urratsak egiten. Kataluniako ‘.cat’ domeinuaren ildo beretik zihoan. 2008. urtean PuntuEus Elkartea eratu zen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea egituratzeko helburuarekin. Hurrengo lau urteetan zabaltze prozesuan egon zen elkartea, eta, egun, guztira 58 elkartek eta erakundek osatzen dute PuntuEus Elkartea. 2012. urtean, PuntuEus Elkarteak PuntuEus Fundazioa sortu zuen. Ikastolen Elkartea fundazio horretako kidea da. Hain zuen ere PuntuEus Fundazioa izan zen ICANNen aurrean 2012ko maiatzean ‘.eus’ domeinuaren eskaria aurkeztu zuena. Eskari hori ebaluatu eta 2013ko ekainaren 14an jakin zuten ‘.eus’ domeinua onartua izan zela. Eta martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu ondoren, 2014ko apirilan jarri zen ikusgarri ‘.eus’ domeinua Interneten.