BECtso saioa, apirilaren 18an, Baionako antzokian

Sustrai Colina izanen da apirilaren 18an, Baionako antzokian, 18:00etan, eginen den Bectso saioan BECeko beste 7 finalistekin batera, tartean Amets Arzallus Euskal Herriko txapelduna eta Seaskako ikasle ohia ere. Zortzi bertsolariek Ziburuko ikastolari eskaini nahi diote saioa.
 

Sustrai Colina, Xilabako (Xiberua, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko bertsolari txapelketa) txapelduna Xalbador Kolegioan eta Etxepare Lizeoan izan da. Xalbadorreko eta Etxepareko ikasle ohi gisa, bere oroitzapenak partekatu ditu hango ikasleekin. Ikasleek ariketa zaila ezarri zioten, galdera zorrotzei erantzun behar izan baitzien, hitzez eta bertsotan : bertsozaletasuna nola sortu zitzaion, nola hasi zen bertsotan Hendaiako ikastolan, kolegio eta lizeoko oroitzapenak, bertsolaritza eta euskararen arteko loturari buruz, belaunaldi ezberdineko bertsolarien arteko harremanei buruz,  taula gainera igotzean senditzen den estresaren inguruan, bertsoek publikoarenganik jasotzen duten oihartzunaz ere, besteak beste.

Bertsolaritza eta ikastolak arrunt lotuak dira azken hamarkada luzeetan. Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, Odei Barroso, Aimar Karrika eta Xan Alkhat bertsolariak Lapurdi, Baxe nafarroa eta Xiberoko ikastolaz-ikastola ibiltzen dira haurrekin bertsoak eskaintzen dituen interes pedagogikoak lantzen; izan hizkuntzaren aldetik aberastasun handia baita bertsolaritza, argumentazio eta kontraargumentazioaren ariketan, jende aitzineko ariketan eta abar. Ikastoletako saioen bidez bertsolaritzarako gustua hartzen dutenek, ikastola eta gero bertso eskolan egoten dira bertsolaritzan sakontzeko, eta trebatzeko.

Ziburuko Kaskarotenea ikastola, Ziburuko lur publiko batean da oraino, herriko etxearen baimenik gabe, eta behin behineko argindar loturarekin . Heldu den ikasturtean ikastolak bizirik segi dezan, Ziburuko lur bat erosteko xedea bada, eta arrats horretako etekinak bertara bideratuko dira. Aurtengo Herri Urrats kanpainako lehen ekitaldia izanen da ere.