PRENTSA OHARRA Ikastolon balorazioa alderdien ekarpen-emendakinen inguruan

 

 

Ikastolen Etxean, 2023ko Urriaren 17an

 

Bi urte dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistema osoa arautuko duen lege berri bat lantzen hasi zela Hezkuntza Saila. Ikastolen Elkartearentzat berri pozgarria izan zen hezkuntza sistema osoa arautuko zuen legea izango genuela jakiteak, izan ere lehenengo aldiz Hezkuntza Sistema osoa arautzeko Legea proposatzen baita (93ko Legeak sistema Publikoa bakarrik arautzen baitzuen)

Ikastolok, sortu ginenean, bi helburu nagusi genituen: Euskal Herriko hezkuntza sisteman euskara ardatz bihurtzea, alde batetik, eta, bestetik, Administraziopeko ikastetxeen eta Eskola erlijiosoen artean hirugarren aukera bat eskaintzea, Euskal Hezkuntza Sistema berri baterako bidea irekitzea. Ikastolon ustez, gaur egun indarrean dagoen Eskola Publikoaren Legearekiko aurrerapauso handia da Hezkuntza Legearen aurreproiektua, aukera esanguratsuak jasotzen ditu,  baina gabeziak ere ikusten dizkiogu eta motz geratzen da Euskal Hezkuntza Sistema berri baterako bidean. 

Legearen lanketa honetan, Ikastolen Elkarteak parte-hartze aktiboa izan du, uste dugulako halako erronka bati arduraz erantzun behar zaiola. Hezkuntza eragileok honetan zeresan handia dugula uste dugu, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu eragileon ekarpenak egitea eta parte hartzea. 

Aurreproiektuen inguruko irakurketa kritiko eta eraikitzaileak egin ditugu, ekarpenak proposatu ditugu, agerraldietan parte hartu dugu, batzarrak egin ditugu, ikastoletan legearen inguruko lanketa eta eztabaidak ere egin ditugu…  Gainera, 2022ko apirilaren 7an hezkuntza akordioa sinatu zuten alderdiekin etengabeko harremana izan dugu, baita hezkuntza eragile, sindikatu eta euskalgintzako eragile desberdinekin ere. 

Eztabaida eta hausnarketa prozesu gorabeheratsua izan da orain artekoa, baina aukera baten moduan irudikatu dugu beti. Izan ere, Ikastolen Elkarteak, aipatu bezala,  ez du hezkuntza legea helburu, abiapuntutzat jotzen dugu. Baina horrek ez du kentzen ahalik eta lege onena eta zehatzena nahi ez dugunik. Izan ere, lege honek oinarri sendoak behar ditu herri bezala egin nahi dugun hezkuntza ibilbidean jauziak egin nahi baditugu. 

Hori horrela, legearen aurreproiektuak zituen gabeziak eta aukerak nabarmendu ditugu orain arteko balorazioetan. Eta azken aurreproiektuari dagokionez, ekarpen moduan, zuzenketa desberdinak proposatu dizkiegu Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei.  

Legearen eztabaida azken fasean sartuta dago eta ezagutu ditugu alderdi politikoek erregistratu dituzten ekarpenak. Ikastolok, beti gure helburuak ardatz ditugula, alderdien ekarpen-emendakinak lau ardatzetatik baloratuko ditugu, ikastolentzako Lege honetan lau eztabaida nagusi baitaude:

1.- Euskara, euskal kultura eta euskal curriculuma

2.- Gobernantza eredua: publiko-pribatua dikotomia eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren definizioa

3.- Euskal Herria bere osotasunean ahalbideratzeko politikak

4.- Segregazioaren aurkako politika eta doakotasunerako politikak

 

1.- Euskara, euskal kultura eta Euskal Curriculuma

Atal honetan pauso garrantzitsuak planteatzen dira lehenengo proposamenetik (ikastetxeen Hizkuntz proiektua ardatz bezala, irakasleek C1 maila lortzeko prestakuntza sustatzea, ikasleek lortu beharreko euskara maila DBH bukatzerakoan B2 izatea edo euskal kulturari eskainiko zaion arreta berezia…). Hala ere, atal honi buruz ikastolok orain arte adierazi dugun lez, kanpo ebaluaketa baten bidez egiaztatu daiteke soilik helburuak lortzen direla; eta hori ez dugu jasota ikusi zuzenketetan.

Harriduraz eta kezkaz ikusi dugu, bestalde, aurkeztu diren zuzenketetan atzerapauso batzuk ere eman direla, eta horien artetik bi nabarmentzen dira: batetik, hizkuntza ereduei dagokiena, eta, bestetik, eredu erkide eleaniztunari dagokiona.

Euskararen alorrean, azken hamarkadetan egindako ibilbidearen ondorioak argiak dira, eta hala ondorioztatu dugu hezkuntza eragile nagusiok adostasunez: hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen eta horiek gaindituko dituen eredua behar dugu oinarri. Datuek egiaztatzen dute hizkuntza ereduen logikak ez duela balio egun hezkuntzan dugun errealitate soziolinguistikoari erantzuteko eta, noski,  lege aurreproiektuan zehazten diren helburuak erdiesteko ez dira baliagarri. Euskararen normalizazioari eta biziberritzeari ez dio mesede egiten logika horrek. Beraz, zentzugabea iruditzen zaigu horiei eutsi nahi izatea. Euskal Herriko Ikastoletan murgiltze eredua ezarrita dugu,  berau delako ondorengo belaunaldiak euskalduntzeko bidean emaitza onenak ematen dituen eredua. Eta eredu honetara iristeko bidea eta plana zehaztu beharko lituzke lege honek.

Euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela ulertzen dugu, eta ereduen izaera baztertzaileak segregazio egoerak areagotu besterik ez dituela egiten.

Ikaskuntza-hizkuntza guztien izaera bideratzailea aipatzen duen emendakinak ere kezka sortu digu. Izan ere, gure gizartearen errealitatea da euskara hizkuntza minorizatua dela, eta egoera horretan ezin dira hizkuntza guztiak era parekatuan tratatu, berdin tratatzeak minorizatua den hizkuntza baztertzea baitakar; beraz, zuzenketa hori aurrera ateratzea atzerapauso nabaria litzateke gure Hezkuntza Sistemarentzat eta euskararentzat.

Hezkuntzan euskara eta euskal kultura sustatu eta normalizatzeko herri ituna helburu, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragileekin elkarrizketa aktiboko prozesu bat abiaraztea proposatu genien, zuzenketa moduan, alderdiei. Hauek ordea, ez dute aintzat hartu gure proposamena. Uste dugu, dena den, euskararen eta euskal kulturaren egoerak halako aktibazio ekimenak behar dituela.

Atal honetan Euskal Curriculuma ere aipatu nahi dugu. Lege aurreproiektuak ez zuen aipatzen eta zuzenketetan ere ez da ageri Euskal Curriculumik, ezta Euskal Curriculumean ardaztutako hezkuntza sistema bat eraikitzeko  premiarik ere. Ikastolon ustez, ordea, ezin da Hezkuntza Lege bat eraiki Euskal Curriculumari aipamenik egin gabe, eta orain hasten den prozesuan akats hori zuzentzeko pausoak emango direlakoan gaude.

Beraz, hizkuntzaren atalari dagokionean kezka berretsi nahi dugu, atzerapausoak, nabarmenak eta larriak, eman daitezkeelako.

 

2.- Gobernantza eredua: publiko-pribatua dikotomia eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren definizioa

Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan zehaztapen sakonagoa planteatzen da zuzenketetan, eta begi onez ikusten badugu ere, nabarmena da publiko-pribatu dikotomia gainditzeko erresistentziak daudela. Horrek ez du bermatzen Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan egongo diren ikastetxe guztiak baldintza beretan arituko garenik.

Hezkuntza zerbitzu publikoaren irakurketan bat egiten dugula adierazi genuen, Euskal Herrian orain arte egon diren hezkuntza tradizio nagusien aitortza egin nahi izan delako. Baina guk ez dugu erabat berdin ulertzen horrela Hezkuntza Zerbitzu Publikoa. Ikastolak urteak daramatzagu herri honi zerbitzu publikoa ematen, ekarpena egiten eta administrazioa iristen ez den lekuetan erantzuten. Beraz, lege berri honek 1993ko Eskola Publikoaren Legearen aldean urrats garrantzitsuak egingo baditu ere, ausartagoa izan behar duela iruditzen zaigu. 

Begi onez ikusi dugu, berriz,  Ikastolen eredu kooperatiboa aintzat hartzea eta kooperatiben izaera juridikoa jasotzea. Eredu ezberdinak esperimentatzeari ematen zaion aukera ere ongi ikusi dugu; gobernantza eredu ezberdinak egon daitezkeela aipatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, etorkizunean beste bide eta esperientzia batzuk bideratu ahal izateko.

 

3.- Euskal Herria bere osotasunean ahalbideratzeko politikak

Egokia iruditzen zaigu Euskal Hezkuntza Zerbitzua ematen duten ikastetxeen eta euskara eta euskal kultura partekatzen duten Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikastetxeen arteko harremanak eta lankidetza sustatzea proposatzen duen emendakina. Zuzenketa horrek Europa mailako partzuergoa eratzea proposatzen du, eta, onartuko balitz, egungo errealitatetik abiatuta, Euskal Herri osoan hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko aukera ematen duela pentsatzen dugu.

 

4.- Segregazioaren aurkako politika eta doakotasunerako politikak

Berretsi nahi dugu lege-proiektuan segregazioaren aurka egiten den proposamen eta helburuarekin bat gatozela eta azpimarratzekoa dela legean aurreikusita egotea hezkuntza komunitatearekin elkarrizketa aktiboko prozesua bat irekitzea eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko. 

Bide horretan, bat gatoz doakotasun printzipio eta helburuarekin, ikasle eta familia guztiei hezkuntzarako eskubidea bermatze aldera, segregazioaren kontrako neurritzat ulertzen dugulako. Hain zuzen ere, begi onez ikusten dugu Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren zehaztapen sakonagoa puntu honetan. Zuzena deritzogu itunpeko ikastetxeen finantzaketa legean agertzen  diren baldintzak, printzipioak edo irizpideak betetzeari lotuta dagoela argiago eta irmoago jasotzen duen zuzenketa. Ondo dago argi geratzea zein den Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartzeko eskakizunak, printzipioak edo irizpideak ez betetzearen ondorioa. 

Hala ere, badira zenbait zuzenketa proposamen kontraesankorrak direnak hezkuntzaren doakotasuna bermatze aldera, hala nola doakotasuna soilik derrigorrezko etapatan sustatzera bideratuta daudenak, edota itunpeko ikastetxeetan zerbitzuengatik ezer ezingo dela ordaindu dioena, lege-proiektuan ez dagoenean jasota Administrazioak finantziatuko dituela bere osotasunean Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barne dauden ikastetxe guztietan, besteak beste, garraioa, jantokia edo ikas-materialen ordainketa. Kontraesan hori ez da berria lege-proiektuaren artikulatuan, baina aurkeztutako zenbait zuzenketak kontraesana areagotu besterik ez du egiten. Izan ere, adibidez, derrigorrezko ikasketaz gain lege proposamenean doakotzat jotzen dira beste etapa batzuk, zehazten ez dituen arren, eta aldi berean, espreski esaten da soilik derrigorrezko hezkuntza hartzen dela doakotzat. Honek talka egiten du legean jaso nahi den Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren doakotasun bermearekin.

 

Ondorio gisa esan dezakegu…

Euskararen gaiak kezkatzen gaitu bereziki. Lege honek euskara gehiago behar du, baina beldur gara, gai honetan aurrera baino atzerapausoak emateko arriskua dagoelako. Eremu honetan hezkuntza eragileok erakutsi dugun adostasunari erreparatzeko eskatzen dugu eta zalantzari eta atzera egiteko aukerari ateak zabaltzen dizkieten zuzenketak erretiratzeko. Zehaztasun gehiago eta argipen gehiago behar ditu atal honek. Euskararen egoerak hizkuntza politika sendo eta eraginkorrak behar ditu eta jauzia egiteko garaia da. 

Ezingo genuke onartu orain arte egin dugun ibilbideari uko egin eta atzerapausoak ematea gai honetan. Beraz, alderdi politikoei arduraz, erantzukizunez eta ausardiaz jokatzeko eskatzen diegu. Oraindik badago-eta egoera bideratzeko aukera.

Galdu ezin dugun aukera baten aurrean gaude, eta hezkuntza eragileon ekarpenak kontuan hartzeko eskatzen diegu alderdi politikoei eta hezkuntza sistemak behar duen benetako eraldaketari ausardiaz heltzeko.