Agurne Barruso, Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria

Agurne Barruso Lazkano da Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria. Urte hasierarekin batera hartu du kargua, eta Jose Luis Sukia ordezkatu du eginkizun horietan. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak iragan irailean izendatu zuen Barruso zuzendari nagusi, baina beraren eta Sukiaren arteko trantsizioi aldi bat egin da udazken honetan, eta, aipatu bezala, urte hasierarekin batera hartu du Ikastolen Elkarteko gidaritza.

Bergaran jaioa, 1969an, Gasteizko Armentia ikastolako zuzendaria izan da Barruso azkeneko zazpi urteotan.

“Ilusioz” heldu dio Ikastolen Etxearen lemari Barrusok. Erantzukizun handia ere badela aitortu arren, erronkek motibatu egiten dutela esan du, are gehiago inguruan lan talde eta zuzendaritza nahiz artezkaritza talde sendoak edukita: “Uneotan mugimendu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea… Ongi kokatuta gaude hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara“.

Unea ere interesgarria dela aipatu du zuzendari nagusi berriak, batetik, pedagogia alorrean aurkeztu berri den Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berriaren hedapena egiten hasi direlako, eta, bestetik, maila instituzionalean Ikastolen VII. Batzarra egingo delako ikasturte honen amaieran. VII. Batzarra prestatzeko lantaldeko kidea ere bada Barruso eta batzar horretan landuko eta bozkatuko diren dokumentuak lantzen aritu dira eta oraintxe ari dira amaitzen: “Otsailaren amaieran hasiko dugu eztabaida prozesua ikastolekin, haiei aurkeztuko diegu egindako lana eta guztion ekarpen eta zuzenketekin landuko dugu VII.

Batzarrera eramango dugun behin betiko proposamena. Batzarra izango da ikastolen ildo estrategikoak markatuko dituen abiapuntua. Azken batean, hurrengo hamarraldirako gure proposamena landu behar dugu”.

Jose Luis Sukiak, berriz, ikasturte honetan hartuko du erretiroa. Bitarte horretan zuzendari nagusi berriaren eta zuzendaritza taldearen alboan arituko da lanean. 2016ko irailean hartu zuen zuzendari nagusi kargua Jose Luis Sukiak, Imanol Igeregiren ordez. Ordura arte Egonkortasun arduraduna izan zen 2010ean sortutako Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean. Sukiaren eta ikastolen mugimenduaren arteko lotura, ordea, atzeragotik dator, izan ere, 1993tik ari da ikastolen mugimenduan buru belarri lanean.