Urrexindorra Ikastolak, Bilbon, eraikin berriaren lehen harria !

"Otsailaren 19an, barikua, Urretxindorra Ikastolarentzako momentu garrantzitsu bat bizi izan genuen. Miribilla auzo berrian, etorkizunean Lehen Hezkuntza hartuko duen eraikin berriaren lehen harria ipini baikenuen. Ekitaldi xumea antolatu genuen, eta ondoren kutxa lurperatu genuen gure ikasleek idatzitako mezuekin beteta.

Eraikuntza berriko obrak abian dira. Etorkizuneko erronketara moldatuko den Lehen hezkuntzarako eraikin berriaren oinarriak lehengo jolastokian sustraitzen hasi dira. Eraikin zabal eta moderno berri hau lau espaziotan banatuko da. Lehenengo solairuak kirol erabilera anitzetarako estalitako pista hartuko du. Bere gaineko bi solairuetan punta-puntako ikasgelak, ekitaldi aretoa eta erabilera anitzetarako gelak egongo dira. Teilatuari ere erabilera berezia emango zaio, eta bertan joango da hiri-ortu ekologikoaren proiektu berritzailea".