Elkartasun kutxa

SARRERA

Ekonomiaren eta gizartearen mailan berri txarrak besterik entzuten eta jasaten ez ditugun garaiotan, ikastolok, betidanik gure izaeraren ezaugarri nagusienetakoa izan denarekin azaldu nahi dugu jendartera: Elkartasuna. Elkartasuna gainera, ez borondate adierazgarri den hitz huts bezala, baizik eta errealitate eraginkor eta sendo bihurtu nahi duen tresna gisa.

Hori dela eta, 2013ko azaroaren 22an, “Elkartasun Ikastolak europar kooperatiba elkartea” sortu zen, aurrez urtetan egindako lan eta ahalegin guztiari oinarri egonkor bat emateko helburuz. Honen harira, berez egituratze horrek duen balioaz gain, ikastolen arteko elkartasun tresna hau Euskal Herriko lurralde guztietara modu bateratuan zabaltzen dela azpimarratu nahi genuke, modu honetan ikastolon izaeraren beste ezaugarri nagusi bat ere osatuz.

Hau horrela, “Elkartasun Ikastolak E.K.E.”ren funtzionamenduaren ezaugarriak izatea nahiko genukeen hainbat puntu azpimarratzeko abagune egokia dela pentsatzen dugu. Besteak beste, hauek:

  • Laguntza ez da ohiko funtzionamendu gastutarako ematen, inbertsio edota proiektu berrietarako baizik. Helburua ez baita finantzazio-iturri egonkor bihurtzea, ikastola bakoitzak, bere kasa, duen egoerari bakarrik aurre egiteko gai ez den bitartean laguntza bat eskaintzea baizik. 
  • Laguntzak, kapital ekarpen edota mailegu modura izango dira lehendabiziko aldiz. Hau da, ez da besterik gabe ematen; itzultzeko (mailegua) edota jasotzen duen ikastolaren kapital sozialean (kapital ekarpena) geratzeko baizik.
  • Laguntzak, epe jakin baterako ematen dira, ahalik eta laburrena, eta horrela ulertu eta erabili behar ditu jasotzen dituen ikastolak. Hau da, ematen den laguntza ikastolaren inbertsio edo proiektu jakin horretara eta horretara bakarrik zuzendu behar dela, egoerari ahalik eta azkarren buelta emateko ahalegin guztiak eginez. Beste modura, etorkizuneko elkartasun ekintzak erabat mugatuak geratuko lirateke.
  • Ildo berari jarraituz, Elkartasun Ikastolak E.K.E.k, ezin du berez jasotzen duena baino diru gehiago banatzeko dinamika batean sartu. Elkartasun tresna honek etorkizuna izateko, neurriz eta zuhurtasunez jokatzera behartuta gaudela iruditzen zaigu, denon ahaleginari zor diogun begiruneaz.

XEDEA eta HELBURUAK

Bere xede nagusia ikastolen bideragarritasuna bermatzea izanik, Elkartasun Kutxak helburu zehatz hauek ditu: 

  • Ikastola berriak sortzen laguntzea. 
  • Dagoeneko sortuta dauden ikastoletan, aktibitate estrategiko berriak abian jarri eta garatzen laguntzea. 
  • Inbertsio estrategiko berriei aurre egiten laguntzea. 
  • Tokian tokiko ikastola eta eremuetan, Ikastola Taldearentzat estrategikoak diren lerro berriak sortzen laguntzea.  
  • Helburu hauek lortzeko, ondorengo bitarteko edo tresnak erabiliko dira: 
  • Aholkularitza eta bideragarritasun ekonomikoaren azterketa eskaintzea. 
  • Abal finantzarioak osatzea. 
  • Diru ekarpena egitea, mailegu edota kapital-ekarpen gisara. 

IKASTOLA ONURADUNAK

  • EHIn bazkidetuta dauden ikastolak, soilik, izan daitezke onuradunak.
  • Era berean, onuradunak izango dira ikastola bazkidetu horiek elkartzen dituzten elkarteak, baldin eta ikastola horien langile eta finantzazio eskumen eta betebeharrak bere gain hartzen badituzte. Kasu horretan, nahiz eta eskaera elkarteak egin, aurkeztu beharreko dokumentazio eta datuak laguntza behar duen ikastolenak izango dira