Hizkuntz proiektua

Ikastolen Hizkuntza Proiektuaren helburua euskaran eta euskalduntasunean ardazten den eleaniztasuna garatzea da. Hartara, Hizkuntza Proiektua ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak biltzen dituen eta haien trataerari koherentzia ematen dion egitasmoa da. Egitasmo integrala da, eta Ikastolaren eremu guztietan -- ikaskuntza-irakaskuntzan, eskola-komunitatearen harremanetan, eta Ikastola txertatuta dagoen gizarte hurbilekiko harremanetan-- eragiten du.

Ikastolen Hizkuntza Proiektuak, beraz, bi esku-hartze eremu nagusi ditu:

  1. Ikastolako eremu pedagogikoa: eremu honetan hizkuntzaren garapenean eragina duten irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu guztiak biltzen dira eta, horiez gain, xede pedagogikoak dituzten eskolaz kanpoko jarduerak ere jasotzen dira.
  2. Ikastolako eremu instituzionala: eremu honen barruan biltzen diren alderdiak ikastolaren eraketarekin eta gizarte-harremanekin lotuta daude, eta ikastolan nahiz ikastolatik kanpo hizkuntza gutxituaren erabilera sustatzeko eta babesteko helburua dute nagusiki.

Hizkuntza Proiektuak, beraz, bete-betean hartzen du bere baitan Ikastolaren Euskara Normalizazio Plana (HNP-Euskaraz Bizi) bai eta ikastolan lantzen diren hizkuntza guztien trataera bateratua ere. Hala, euskara ardatz duen eleaniztasunaren garapena era egokian bidera dadin ziurtatzeko, besteak beste, hauek izango dira langai nagusiak: hizkuntz plangintza eragingarria finkatzea ikastolan, hizkuntza bakoitzaren funtzioak eta espazioa zehaztuz; hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzan erabilitako ikuspegi eta metodologiak bateratzea eta hizkuntzen erabilera instrumentalaren eraginkortasuna curriculum osoan bermatzea.

Hizkuntza Proiektuaren funtzioak honako hauek dira: a) ikastolako eremu pedagogikoetan zein instituzionaletan gertatzen diren askotariko hizkuntz ekintzak aztertzea, eta b) sumatutako beharrei zentzuz erantzun ahal izateko era sistematikoan eta bateratuan bideratzea hezkuntza-komunitate osoaren elkarlana nahiz prestakuntza, irizpide komunetan oinarrituta.