Nafarroako Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdia

Ekitaldiaren helburua Nafarroako haur eta gaztetxoen euskararekiko eta kantuarekiko zaletasuna piztea da, elkarlanean aritzen ikasiz, beste zentroetako ikasleekin harremanetan jarriz, norberaren arte eszenikoa kanporatuz eta musikarekin gozatuz.

Orkoienetik pasa ondoren, larunbat honetan, martxoak 12, Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdia Lodosara iritsiko da. Jaialdiaren XXII. edizioko bigarren ikuskizun hau arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Lodosako Kultur Etxean.

Euskal Kantuzaleen Elkarteak, Nafarroa Oinez eta Lodosako Udalaren laguntzarekin antolatu du emanaldi hau. Aurtengo Oineza Viana eta Lodosako ikastolen artean antolatzeak ekarri du Lodosara jaialdia, izan ere, Nafarroa Oinez ospatzen den herrian burutzen da jaialdi honen ekitaldi bat.
Nafarroako lau ikastetxe publiko eta ikastola desberdinetako 100 haur, gazte eta musikari oholtzara aterako dira guztira 15 kanta eskainiz. Lodosa a capella talde gonbidatuak emango dio hasiera ekitaldiari, Txoriak txori eta Maitia galde egin zautan eskainiko dute.

Gero talde desberdinen txanda izango dugu. Tafallako partaidek 8 ur edalontzi, Zarena zarelako eta Muskaria zaharreko abestuko dute. Olibako Ama Birgina Eskola Publikoak Kax-kax atean, Baldorba eta Loretxoa eskainiko du. Elizondoko neska talde batek Aberriaren mugak kantatuko du eta, azkenik, Lodosako Ibaialde ikastolakoek Airez aire dabil, Txanpon baten truke eta Xalbadorren heriotzan prestatu dute emanaldirako.

Jaia bukatzeko sorpresa batekin amaituko da: ezaguna den Tuterako musika talde baten bisita hain zuzen ere.

Lodosakoa eta gero,  bi jaialdi gehiago ospatuko dira, Lakuntzan martxoak 19, larunbatean, 18:30ean eta Berriozarren, martxoak 20, igandea, 12:30ean eta JAIALDI NAGUSIAREKIN amaituko da aurtengo NAFARROAKO HAUR ETA GAZTETXO KANTARI JAIALDIEN EDIZIOA. Nafarroa osoko artistak bilduko dituen JAIALDI NAGUSI hau APIRILAREN 30ean IZANGO DA Tafallako Kulturgune berrian.