Etxarri Aranatzeko bi ikasleren atxiloketaren harira

Etxarri Aranatzeko bi ikasleren atxiloketaren harira, Ikastolen Elkarteak hau adierazi nahi du:

  • Espainiako Poliziaren jokabidea salatzen dugu. Bi ikasle hauek adin txikikoak dira, eta haiei dagozkien eskubideak irmoki babestu behar dira. Gaur, ordea, etxetik ikastolara bidean atxilotu dituzte. Haien gurasoek eta ikastolako haien tutoreek ez dute ezer jakin, harik eta atxiloketen lekuko izan direnek horien berri eman dieten arte.
  • Ikasle horiei, haien familiei eta Andra Mari ikastolako komunitateari elkartasuna adierazi nahi diegu.
  • Ikastolok ikasle buru-askeak izatea dugu helburu; beren burua eta ingurua ezagutzeko eta bizitzan zehar izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnak eta baliabideak eskaintzen dizkiegu. Elkarlana, elkarrizketa, elkartasuna, parekidetasuna … balioetan hezten ditugu, gaitasun kritikoa eta irizpide propioak garatu ditzaten, eta desadostasunak elkarrizketaren bitartez konpon ditzaten.
  • Balio horietatik urrun ikusten dugu LOMCE legearen eredua. Lege horrekiko gure desadostasuna askotan adierazi dugu, eta adieraziko dugu, modu baketsuan, adierazpen askatasunaren bitartez, eta LOMCE aplikatu ez dadin lanean jarraituko dugu.